argia.eus
INPRIMATU
Gizonek zergatik ez dituzte irakurtzen emakumeek idatzitako liburuak?
  • Hamar emakume idazle salduenen irakurleak emakumeak dira alde handiz (%81), baina ez da berdin gertatzen gizon idazleen kasuan. Kontziente edo inkontzienteki, gizonek emakume idazleei estatus gutxiago ematen diete edota iruditzen zaie emakumeek idatzitakoak emakumeentzat direla, ez istorio unibertsalak. Hala ondorioztatu du M.A. Shiegart idazleak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko uztailaren 13a

Adibide bat: Booker saria irabazi duten Julian Barnes edo Yann Martelek dituzten irakurleen %40 gizonak dira, baina Margaret Atwood sari beraren irabazleak –“fikzio literarioa gustuko duen edozein pertsonaren liburutegian behar lukeen idazlea”, dio Shiegartek– dituen irakurleen %21 dira gizonak.

Siglak, generoa ezkutatzeko

Esanguratsua den beste datu bat ere eman du The Guardian egunkarian: liburu salduenen artean gizon irakurle gehien dituen emakumeak LJ Ross gisa sinatzen du, “beraz agian mutilek pentsatu dute mutila dela idazlea ere”. Ez da berria, historian zehar zenbat emakumek erabili dituzten inizialak eta pseudonimoak, aintzat har ditzaten.

Kontua da, behin emakume batek idatzitako liburua irakurtzera animatzen direlarik, gizonek egiten duten balorazioa batez beste apur bat hobea dela, gizonen liburuez egiten dutena baino, Goodreads sailkapenaren arabera.

Denak galtzaile

Shiegartek bi ondorio atera ditu. Batetik, gizon askok galtzen dutena, betaurreko maskulinoetatik kontatutako mundua baino ez dutelako jasotzen, bizipen, ikusmolde eta istorio on asko baztertuz.

Bestetik, emakume idazleen lana gutxietsita geratzen dela dio, emakumeentzako merkatu-nitxo gisa ulertzen delako, emakumeek idatzitako edota emakumeak protagonista dituzten istorioak emakumeentzat baino ez bailiran. “Errespetu, estatus eta diru gutxiago irabaztea dakar horrek”.

Aferak soluzio erraza duela ere garbi du Shiegartek: “Gizonek ez dute zaila, emakumeek idatzitako liburuak aktiboki bilatzea baino ez dute”.