argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Gizon hetero futbolariak

Leire Artola Arin 2023ko otsailaren 20a

Otsailaren 19an 50 urte beteko lituzke Justin Fashanu (argazkian eskuinekoa) Erresuma Batuko futbolari profesionalak. Hain zuzen, egun hori da Kiroleko LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Fashanuk 37 urterekin bere buruaz beste egin zuen, eta haren omenez izendatu zuten eguna.

Fashanu lehen gizonezko futbolari profesionala izan zen publikoki esan zuena homosexuala zela, eta harrezkero presioak eta eraso LGTBIfoboak jasan zituela salatu zuen. Honela irakurri zitekeen 1990eko urriaren 22an The Sun egunkarian: “Milioi bat librako futbolari izarra: GAY-A NAIZ”. Nottingham Foresten zebilen garai hartan, eta entrenatzaileak ez zuen begi onez ikusi iragarpena. Ika-mikak izan zituzten, eta haren taldekide batzuek ere aurkako mezuak zabaldu zituzten, esanez homosexualek ez zutela tokirik talde kiroletan.

1998an Fashanuri leporatu zioten 17 urteko mutil bati sexu erasoa egin izana. Fashanuk ohar bat utzi zuen: “Konturatu naiz jada errudun gisa zigortu nautela. Ez dut gehiago izan nahi familia eta lagunentzat lotsaizuna”. Bere buruaz beste egin zuen, eta hilabete batzuetara jakin zen kasua itxita zegoela, ez zegoelako frogarik.

Hamarkada bat igaro zen Olivier Rouyer jokalari frantsesak publikoki iragarri zuen arte gaya dela, 2008an. Ordurako amaituta zuen futbol ibilbidea. Futbolaren historiako jokalari guztien artean, soilik hamasei gizonek adierazi dute publikoki gayak direla. Futbolari profesionalak izan diren ehunka mila gizonezkotik, hamaseik. Esan gabe doa zifra hori askoz handiagoa izango dela ziurrenik, baina askok erabaki dutela ezkutuan mantentzea, edota lau haizetara ez zabaltzea. Erabaki guztiz zilegia, noski, baina galdera asko sortzen dituena.

Jakub Jankto txekiarrak oraintsu zabaldu du bideo bat sare sozialetan, esanez homosexuala dela, eta gainerakoak animatu ditu beldurrik gabe euren buruak ezkututik ateratzera. Argi ikusi da 2022ko Qatarreko Munduko Kopan LGTBIfobia zein orokortua dagoen futbolean. Qatarretik helarazi zen mezua izan zen “denak ongietorriak” zirela, betiere jendaurrean afekturik erakusten ez bazuten. Ezkutuan aritzen baziren, alegia. Qatarren ez da legezkoa LGTBI kolektibokoa izatea, munduko hiru herrialdetik batean bezala. Eta FIFAk, horren aurrean, ez du LGTBIfobiaren aurkako ezer egin, praktikan behintzat. Munduko Kopan erabaki zuten “segurtasunagatik” LGTBI banderak debekatuko zituztela estadioan, LGTBIfoboen erasoetatik “babesteko”. Babesteko, ezkutatu, berriro ere.

Asteotan notizia izan da Jakub Jankto gay dela. Baina notizia izan beharko luke horrelakoak oraindik albiste izate hutsak. Urrun gaude hortik: oraindik hamasei besterik ez dira ezkututik atera direnak. Eta gure herrietako taldeetan? Zenbat gizonezko ez profesionalek adierazi dute homosexualak direla? Agian futboleko gizontasun eredutik hasi beharko genuke auzia lantzen.