TikTok enpresaren barne-dokumentuen filtrazio batek adierazi duenez, enpresa jakitun zen 15 urteko hainbat neska zuzenekoetan biluzten zirela gizonezko helduek bidalitako txanpon birtualen truke. Sare sozialeko hainbat dokumentutarako sarbidea ahalbidetu zuen akats bati esker atera da informazio hori argitara.
Azterketak erakutsi du adinez nagusikoak diren erabiltzaileen kopuru esanguratsu batek adingabeekin harremanetan jartzeko eta eduki sexuala eskatzeko erabiltzen duela plataforma, AEBetako NRP irrati publikoak lortutako TIkToken barne dokumentuen arabera, badirudi sare sozialaren zuzendaritzak 2022az geroztik arrisku horien berri izanda ere, ez dela kezkatu gertatutakoaz.
Helduen kopuru esanguratsu batek, plataforma nerabeei zuzenean biluzteko eskatzeko erabiltzen duela ondorioztatu dute. Horrez gain, hilabete bakar batean adingabeei milioi bat "opari" bidaltzen zitzaizkiela erakutsi dute. “Opari” horiek dirua birtualki bidaltzeko sortutako tresna dira. Erabiltzaileek eduki jakin bat gustuko dutenean sortzaileak "saritu" ahal izateko metodo gisa sustatzen ditu plataformak. Sare sozialaren zuzendaritza ordea jakitun zen zuzenekoak egiten dituzten nesken kopuru "handi" batek txanpon birtual horiek jasotzen dituela, helduek biluzteko esan eta trukean bidalitakoak.
TikTok-ek euren inguruan zabaldutako informazioa publikoki zabaldu izana egotzi dio NPR-ri. “Arduragabekeria larria da sekretupean dagoen informazioa argitaratzea” argudiatu du TikTok-ek.
Edertasun-iragazkiak eta gazteen autoestimua
AEBetako irratiak beste hainbat auzi ere atera ditu azalera. Algoritmoengatik ere kritikatu dute TikTok. Izan ere, algoritmoak erabiltzaileak konektatuta mantentzeko diseinatuta daude eta “erakargarriak ez diren” erabiltzaileen ikusgarritasuna doitzeko sortuta dago. Gaineratu dute, sare sozialak gorputz-irudiari buruzko hezkuntza-baliabideak sortzea iradoki bazuen ere, edertasun-iragazkiak erabiltzea sustatzen dutela eta horrek gazteen autoestimuan ondorio negatiboak sortzen dituela.
Algoritmoak "burbuila negatiboak" ere sor ditzakeela adierazi dute filtratutako dokumentuek. Erabiltzaileak eduki kaltegarrien eraginpean jartzen dituzten algoritmoak alegia, hala nola suizidioari eta autolesioei buruzko bideoak.
Aurkikuntza horiek sare sozialek gazteentzat dituzten arriskuei buruzko ikerketa zabalago baten parte dira. New Yorkeko fiskal nagusiak adierazi duenez, nerabe askok ondorio larriak jasan dituzte TikTok plataformaren ondorioz.