ELA sindikatuak uste du posible dela norabide egokia hartzea eta horretarako beharrezkoa dena, borondatea dela. LABek gaineratu du beste eredu berri baten beharra dagoela, pertsonen beharrei erantzuten duen sistema bat eta ez irabaziak maximizatzeko sistema bat.
Parlamentuko batzordean izan dira bi sindikatuetako ordezkariak. Lehendabizi ELA sindikatuko Maria Balda eta Leire Txakartegi. Emakumeen eta gizonen artean soldaten arrakala nola zuzendu behar den proposatzea ez da lan erraza. Dena dela, ELA sindikatuak uste du posible dela norabide egokia hartzea eta horretarako beharrezkoa dena, borondatea dela.
Emakumeek gizonek baino %28 gutxiago kobratzen dute. Eta horren atzean arrazoi bat baino gehiago dagoela uste dute. Batetik, sexuen araberako lanen banaketa eta bereizketa betikala dagoela, bestetik, zaintza lanak eta enplegua uztartu beharrak emakumeak zigortzen dituela eta gainera, emakumeen prekarietateak arrakala hori sakondu egiten duela.
Proposamenak ere egin dituzte ELA sindikatukoek: aurrekontuak eta gainontzeko politikak egokitu, berdintasun politikak sustatu, enplegua, administrazioan lan egiten dutenak ere kontuan hartu, zaintzarako zerbitzu publikoak eta babes sozialerako sistema publikoa indartzea. Argi dute, arazoa konplexua dela, eta horregatik irtenbideak ezin dira azalekoak izan.
LABeko Eli Etxeberria, Maite Barreña eta Aitziber San Martin izan dira agerraldian parte hartu duten hiru kideak. Egoeraren azterketa egin dute lehenik eta behin, Nafarroako emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala %18,7an kokatuz. Horrek suposatzen du emakumeek gizonek baino 8.153 euro gutxiago kobratzen dutela urtean Nafarroan, batezbeste. Elementu hauek ere nabarmendu dituzte:
Ondoren, egoera hori gainditzeko neurri zehatzak aurkeztu ditu LABek.
Aldarrikapen hauek guztiz baliagarriak dira soldata-arrakalaren kontrako ekintza plan bat egingo bada. Parlamentuko talde guztiei eskatzen diegu soldata arrakalaren eztabaidan sakontzea, arrakalaren atzean dauden arrazoiak zein diren azalaraztea eta instituzioetatik arrakala gainditzeko borrokan urrats eraginkorrak ematea. Beraien esku dago arrakalaren auziari dagokion dimentsio politikoa ematea eta borroka honetan konpromisoak hartzea ekimen instituzional eraginkorrak bultzatuz. LAB prest dago benetako bide bat egiteko dezagun elkarlanean aritzeko.
Neurri hauek trantsiziorako neurriak bezala ulertu behar dira, hau da, gaur egungo egoera defendaezina da da baina edozein neurri ezarrita ere ez da guztiz aldatuko, sistema kapitalistan ez baitago emakumeon egoera aldatzeko edo hobetzeko neurri posiblerik sistema bera ikutu gabe. Gutxi batzuen egoera hobetu daiteke baina gainerako guztia bere horretan utziz.
Lan munduan emakumeok pairatzen ditugun diskriminazioak ez dira akatsak, baizik eta errealitate estrukturalak, beraz, martxan jarri beharreko neurriek ere erradikalak eta estrukturalak izan beharko lukete.
Zapalkuntza patriarkala kapitalismoaren parte da eta sexuaren araberako lan banaketa da horren adierazle. Sistema kapitalistak emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen gaitu sistema berak bizirauteko, eta horregatik, lan merkatuan uzten digun lekua bigarren mailakoa da.
Soldata arrakala ez da kasualitatez sortzen den zerbait, baizik eta bere funtzioak betetzen ditu, hau da, emakumeak lan merkatuaren beharrei erantzuteko erabiliak izatea. Soldata arrakalaren kalkulua egiterakoan etxeko langileen lana ez da kontuan izaten, ezta denboraren erabileraren estatistikak ere, jakiteko zenbat denbora erabiltzen duten emakumezkoek zaintza lana doakoak egiteko eta zenbat gizonezkoek.
Beste eredu berri baten beharra daukagu, pertsonen beharrei erantzuten duen sistema bat eta ez irabaziak maximizatzeko sistema bat, gaur egungo sistema kapitalistak egiten duen bezala.
Bi galderarekin amaitu dute euren agerraldia LABeko kideak. Batetik, alderdi politikoei galdetu diete ea prest dauden eredu ekonomikoa aldatzeko. Eta bigarrenik, ea uste duten posiblea dela sistema kapitalistan emakumeen egoera hobetzea, lan eta enplegu duina guztiontzat egotea eta pertsonen beharrei erantzutea.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.