argia.eus
INPRIMATU
Gizon bati Iruñerriko institutu batean eta saltoki batzuetan emakumeak grabatzea leporatu diote
  • 2023ko urrian jarritako salaketa baten harira, gizonaren etxeko gailu informatiko eta elektronikoak ikertzen ari da Foruzaingoa, eta material horretan aurkitu dituzte institutu bateko emakumeen komunetan egindako grabazioak, eta hainbat saltokitako aldageletakoak. Adimen artifiziala erabilita, neskak biluzik agertzen diren argazkiak ere aurkitu dituzte.

ARGIA @argia 2024ko martxoaren 15
2020an San Ferminetan jazotako talde bortxaketa gaitzesteko manifestazioa Iruñean. Argazkia: Ekinklik.

Noticias de Navarra egunkariak eman du iazko salaketaren, eta orain Foruzaingoa egiten ari den ikerketaren emaitzen berri.

2023ko urrian emakume batek salaketa jarri zuen, uste baitzuen goiko bizilagunak bera etxean zegoenean grabatu egiten zuela. Udaltzaingoak zaintza sistema abian jarri zuen eta egiaztatu zuen goiko bizilagunak kamera txiki bat zintzilikatzen zuela bizilagunaren leiho pareraino, eta etxe barruan grabatu.

Gizona atxilotu egin zuten intimitatearen aurkako delitua leporatuta, etxea miatu zioten, eta gailu informatiko eta elektronikoak eraman zituen Foruzaingoak.

Foruzaingoa gizonak etxean zuen material grafikoa ikertzen ari da, eta haren grabaketetan hainbat biktima daudela adierazi du. Ikertzen jarraitzen dute eta litekeena da emakume gehiago agertzea.

Orain arteko ikerketak emandako emaitzen arabera, Iruñerriko institutu batean, irakasle emakumezkoen komunetan grabatzen aritu zela egiaztatu dute. Grabazioak aurreko ikasturtekoak dira. 2023an hasitako ikasturtean, salaketaren berri jakindakoan, irakaslea postutik kendu zuten. Irakasleak, bizilagunak jarritako salaketaren ondoren, institutuko komunetan ezarritako kamera ezkutua kendu zuen. Foruzaingoak emakumeak identifikatu ditu eta salaketa jartzeko aukera eskaini die. Hainbat saltokitako aldagelatan egindako grabazioak ere aurkitu ditu Foruzaingoak. Bestalde, neska gazteen argazkiak ere aurkitu dituzte, adimen artifiziala erabilita neskak biluzik agertzen dira. Litekeena da adingabeetako batzuk bere ikasle ohiak izatea. Argazki horiek sareren batean zabaldu dituen ikertzen ari da Foruzaingoa.