argia.eus
INPRIMATU
Gizon bati espetxe zigorra ezarri diote, Donostian emakume bat bortxatzen saiatzeagatik
  • Gipuzkoako Auzitegiak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. Epaiketa asteazkenean egin zuten, eta, hasi aurretik, gizonak gertakariak onartu eta akordioa erdietsi zuen Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin, zigorra urte eta erdira jaisteko.

Irutxuloko Hitza @irutxulo BeƱat Parra @parrabenat 2024ko abenduaren 20a
Gipuzkoako Justizia Auzitegia.

Izan ere, Fiskaltzak hiru urte eta hamaika hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zuen, eta akusazio partikularrak lau urtekoa. Halaber, gizonak 6.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio emakumeari, lau urte pasatu beharko ditu kontrolpeko askatasunean eta ezingo da emakumearengana gerturatu ez berarekin harremanetan jarri bost urte eta erdiz.

2022an gertatu zen

Zigortutako gizona 2022ko maiatzaren 8an saiatu zen emakumea bortxatzen —orduan 18 urte zituen—, Efe albiste agentziak Fiskaltzaren akusazio idazkitik jasotako informazioaren arabera. Goizeko hiru eta erdiak ziren, eta emakumea bere etxeko atarian sartzen ari zen, gizona baimenik gabe sartu zenean bere atzetik. Horrela, erasotzaileak igogailura bultzatu zuen emakumea, bertan bortxatu nahian.

Emakumearen etxebizitza zegoen solairura iristean, oihuka laguntza eske hasi zen emakumea eta haren senide batzuk etxetik atera ziren. Igogailutik atera zuten emakumea, baina gizonak eskaileretatik behera ihes egitea lortu zuen. Handik gutxira, Ertzaintzak identifikatu eta atxilotu egin zuen, inguruko kaleetan.