argia.eus
INPRIMATU
Gizon batek labanaz eraso egin ostean, larri dago emakume bat Donostian
  • 52 urteko gizonak bere bikoteari eraso egin dio labanaz, eta erasotua ospitaleratu behar izan dute. Egun gutxiren buruan, labanaz egindako bigarren eraso matxista da Donostiakoa.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 24a

Donostiako Gros auzoko pentsio batean jazo da erasoa, astearte goizaldeko 05:00ak aldera. 52 urteko gizon batek labanaz egin dio eraso emakume bati; erasotzailea eta erasotua bikotekideak dira.

Erasoaren ondorioz, larriki zaurituta dago emakumea, Donostiako Ospitalean. Polizia iturrien arabera, bi labankada ditu lepo aldean.

Gizona atxilo eraman dute, eta Ertzaintzak gertatutakoaren gaineko ikerketa abiatu du.

Igandean beste eraso matxista bat jazo zen Gasteizko Lakua-Arriaga auzoan, labanaz kasu horretan ere.