argia.eus
INPRIMATU
Eskopeta internetez erosi eta Guardia Zibilak eskura eman zion Leioako campuseko erasotzaileari
  • Leioako campusean asteazken arratsaldean tiroka sartu zen gizonezkoak Guardia Zibilen koartelean legalizatu zuen arma. Erasoan ez da zauriturik egon, soilik kalte materialak. Ertzaintzak atxilotu egin du 21 urteko gaztea, bertako ikaslea dena.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 14a
Zientzia eta Teknologien fakultatean kalte materialak eragin ditu. / Argazkia: Twitter

Asteazken iluntzean eskopeta batekin Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako campusean sartu den 21 urteko gazteak Milanuncios interneteko atarian erosi zuen arma egun bat lehenago, eta Guardia Zibilaren koartelean jaso zuen, paperak legalizatzeko unean, El Diario.es-ek aurreratu eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkariak baieztatu duenez. Ondoren, Artxandako tiro-eremuan tiro frogak egin zituen erasotzaileak, campusera abiatu aurretik.

Itxasok azaldu duenez, gazteak duela aste batzuk jaso zuen ehizarako baimena eta dokumentu guztiak ongi zituen, "aurrerakri penalak eta test psikoteknikoa barne".

Zientzia eta Teknologien fakultatean tiroka sartu zen gizonezkoa, baina soilik eraikinaren kontra egin zuen; gutxienez 25 tiro zenbatu dituzte. Ertzaintza bertara hurbildu eta campusa berehala hustu zun, badaezpadako neurri gisa. Halere, ziurtatu dute ez dela zauriturik egon eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du berehala atxilotu zutela erasotzailea.

Unibertsitateak jakinarazi duenez, gizona bertako ikaslea da. Erasoaren unean fakultateko langile batzuei azaldu zien ez zuela inori minik emateko asmorik, bakarrik unibertsitatearen aurka egin nahi zuela.