argia.eus
INPRIMATU
Gizon batek emaztea eta bi alaba hil ditu Angelun
  • Ipar Euskal Herrian aurten gertatu den bigarren hilketa da biolentzia matxistagatik. Azkena, Angelun (Lapurdi). Adingabekoak ziren alabak, 11 eta 16 urte zituzten. Euren etxean hil ditu gizonak, Belle Marion kalean. Sei emakume hil dituzte jada aurten Euskal Herrian indarkeria matxistagatik.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 22a
Elkarretaratzea Gasteizen emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko, ekainaren 21an. (Argazkia: @ArabakoALEA)

Ez dago garbi azken hilketak nola gertatu diren. Iturri desberdinen arabera ekainaren 20an hil zituen gizonak emaztea eta alabak, tiroka, baina asteartean egin zuen bere buruaz beste hiltzaileak, polizia etxean sartzen hasi zenean. Orduan aurkitu zituzten gorpuak. Hiru alaba zituzten eta “familiako drama” izan dela esan du Claude Olive Angeluko alkateak.

Aste batean lau emakume hil dituzte biolentzia matxistagatik Euskal Herrian. Pasa den astean gizon batek emakume bat hil zuen Gasteizen eta ondoren ibaira bota zuen. Emakumea hil eta aste betera jakinarazi zion hilketaren berri eraileak Ertzaintzari.  

Manifestaziora deitu du arratsalderako Angeluko mugimendu feministak. Gasteizen ere protestarako deia egin dute gaurko. Atzo ere atera ziren kalera biolentzia matxistaren aurka, beste behin. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak bat egin du manifestazioarekin eta ekainaren 23rako mobilizazioak iragarri dituzte.