argia.eus
INPRIMATU
Gizon batek emakume bat hil du tiroz Miarritzen, eta bere buruaz beste egin du ondoren
  • Eskopeta batekin tiroa jota, beste behin gizonezko batek emakume bat hil du Euskal Herrian. Miarritzeko Agilera auzoko etxebizitza batean aurkitu dituzte bi gorpuak, hildako emakumearena eta hiltzailearena.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 15a

77 urteko gizonezkoak bere bikotekidea zen 75 urteko emakumezkoari tiroa jo dio, lehen zantzuen arabera, ehizerako eskopeta batekin. Ondoren bere buruaz beste egin du hiltzaileak. Bi gorpuak Miarritzeko Agilera auzoko euren etxebizitzan aurkitu dituzte suhiltzaileek, asteazken gauean.

Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek Euskadi Irratiari baieztatu dio hilketa matxista, dirudienez igande eta astelehen artean egina. Zehaztu du aurrez ez zegoela "tratu txar salaketarik" eta iradoki du "homizidio inboluntarioa" izan litekeela, France Bleu Pays Basque irratiak jakitera eman duenez. Beti ere irrati honen arabera, poliziak gutun bat aurkitu du hilketaren tokian, "bikotearen nekeaz informatzen duena".

Poliziak hartu du hilketa ikertzeko ardura eta emakume zein gizonari autopsia egitea agindu du epaileak.