argia.eus
INPRIMATU
Gizon batek emakume bat hil du Murchanten, aurten jada laugarrena Euskal Herrian
  • Gizonak ihesari eman dio, eta haren bila ari da Polizia. Aurten Euskal Herrian jazotako laugarren hilketa matxista da.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 07a
Argazkia: Foruzaingoa.

Asteazken goizean jazo da hilketa matxista, Nafarroako Murchante eta Cascante herrien arteko NA-6840 errepidean, goizeko 10:30ak inguruan. Hiltzailea eta biktima auto baten barruan zeuden eta bertan hil du emakumea gizonak, labankadaz. Ostean, ihesari eman dio.

Poliziak ikerketa abiatu du, eta gizonaren bila ari da.

Honekin, lau dira aurten Euskal Herrian jazotako hilketa matxistak. Urtarrilean bikote batek Aintzane Pujana hil zuen Aizarnazabalen, eztabaida baten ostean; hiltzaileek emakumea prostituitzera derrigortzen zuten. Otsailean, Sestaon, Conchi Gonzalez hil zuen haren senarrak, ostean bere buruaz beste eginez. Apirilean aldiz, gizon batek eskopeta tiroz hil zuen emaztea Miarritzen, honek ere bere buruaz beste eginez ostean.