argia.eus
INPRIMATU
Gizon batek emakume bat hil du Gasteizen
  • Aurtengo bigarren hildakoa da Araban, biolentzia matxistagatik. Goizeko 11:00ak aldera emakume baten gorpuzkiak aurkitu ditu Poliziak Zadorra ibaian, ustezko hiltzaileak hil egin duela aitortu ondoren.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko ekainaren 21

Bart gauen gizonezko batek Ertzaintzari jakinarazi dio 60 urte inguruko emakumea hil eta gorpua Zadorra ibaira bota duela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ustezko hiltzailea, 43 urteko gizona, atxilotuta dago eta gizonak esandakoa egiaztatzeko ikerketa abiatu du poliziak. Urpekariak Abetxuku inguruan ari dira emakumearen gorpua bilatzen. Goizeko hamaikak aldera topatu dituzte gorpu baten arrastoak, zerra batekin eta beste tresna batzuekin batera.

Atxilotuaren arabera, eztabaida bat izan zuen emakumearekin, eta hil egin zuen, Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza batean. Ondoren, gorpua zatitu eta Zadorra ibaira bota duela adierazi du.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du ez zegoela "harreman afektiborik"  gizonaren eta haren biktimaren artean. Gaineratu du ikerketa "emaitza batzuk" azaleratzen ari dela eta atxilotua epaileren esku utziko dutela.

Gaurkoa aurten biolentzia matxistagatik Araban izan den bigarren hildakoa da.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra