Gizon bikote batek eraso fisikoa jasan zuen, igandeko ordu txikietan.
Berriak jaso duen moduan, Abantoko festetan (Bizkaia) zebilen bikotea, eta 06:00ak aldera, festatik etxera bueltatzen ari zirenean, eraso egin zieten. Lehenengo iseka egin zietela eta ondoren biak jipoitu zituztela salatu dute. Kolpeen ondorioz, biktimetako bat lurrera erori zen, burua lurraren aurka kolpatu zuen, eta ospitaleratu egin behar izan zuten.
Biktimek ez dute formalki salaketarik egin Ertzaintzan, eta erasotzaileak ez dituzte atxilotu. Abantoko Udalak erasoa arbuiatu du, gertatutakoa “giza-eskubideen kontrako eraso larria” izan dela esanez, eta astelehena 12an 19:00etan antolatutako kontzentrazioan parte hartzera dei egin die herritarrei.