Antxon Jauregik 19 urte ditu eta kantinera izango da Irungo alarde parekidean. Maskulinitate eredu hegemonikoari aurre egin eta hainbat muga mental eta sozial apurtuko ditu Jauregik, genero rol markatua duen kantineraren paperean. “Nire ametsa izan da betidanik, baina ez nuen uste lehen mutila izango nintzenik”.
Femeninotasunera gerturatzen den oro gaizki ikusi ohi da gizonengan, eta horren erakusgarri da inoiz ez dela gizonik aurkeztu kantinera izan nahian, ez alarde tradizionalean, ezta parekidean ere. Baina genero estereotipoek gure gorputz eta identitateetan hainbesteko presioa egiten duten gizarte honetan, bada muga horiek apurtzen dituenik.
Ate berri bat ireki du Antxon Jauregik: lehen aldiz, gizon bat kantinera rolean aterako da alardean. Badaki jende bati hazkura eragingo diola, halaxe esan du Diario Vascon, baina berdin zaiola gaineratu du, errespetatzen badute.
Irungo San Miguel auzoko konpainia aurten sortu da alarde parekidean, eta konpainia horretan aurkeztu du bere burua kantinera izateko Jauregik. Konpainiaren aldetik zabalik izan ditu ateak uneoro, eta garbi utzi dute ez dagoela araurik gizon batek kantinera aurkeztu ezin duela dioenik. Babes handia jaso duela dio Jauregik eta ilusioz espero ditu ekaina bukaeran ospatuko diren Sanmartzialak.
Haurrak aitzindari
Iaz, lehen aldiz, bi mutil kantinera atera ziren Donostiako haurren danborradan. Irunen, 13 urteko mutilaren kasua kontatu genuen duela lau urte: Irungo jaien aurretik ikasleek eskolan egiten duten Alardean kantinera izatea hautatu zuen. Ausardia eta segurtasuna behar da halakoetarako, isekarako jomuga erraz bihurtzen baita rol maskulinoetatik aldentzen den mutikoa, baina gizartean aurrerapausoak ematen ari garenaren adibide ere badira belaunaldi berriak.