Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.
Nafarroako Gobernuak emandako informazioaren arabera, etxe bateko eraikuntza lanetan ari zen 55 urteko gizona eta hamar metroko altueratik jausi da. Horrek zauri larriak eragin dizkio eta larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin gizona bizirik ateratzeko.
Hildakoa Tejados Aoiz enpresako langilea zen eta haren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute autopsia egitera. LABek emandako datuen arabera, aurten dagoeneko hamazazpi langile hil dira Hego Euskal Herrian, eta horietatik hamabi Nafarroan, zehatz mehatz, hamaika altueratik erorita.
ELAren iritziz, egoera honen erantzuleak enpresaburuak eta erakunde publikoak dira: “Nafarroako enpresetan ez da prebentziorik egiten, edo egiten bada, paper hutsean gelditzen da. Hala eta guztiz, patronalak absentismoari buruzko bere diskurtso faltsua elikatzen jarraitzen du, eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio inolako zehapen neurri ezartzeari”.
Sindikatuaren ustez, “amaitu behar da elkarrizketa sozialaren politikekin eta erabat kolapsatuta dagoen lan ikuskaritza 45 pertsona arte indartu behar da”; horrela, sindikatuaren esanetan, Europako batez bestekoa beteko litzateke eta “Nafarroako enpresa eta lantokietan ematen diren segurtasun baldintzak” hobeto kontrolatuko lirateke.