argia.eus
INPRIMATU
Gizon bat espetxeratu dute Irunen emakume bati egindako sexu abusuengatik
  • Igande goizean gertatu zen erasoa. Ia konorterik gabe kalean botata zegoen emakumeari ukituak egiten atzeman zuten 47 urteko gizona.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 28a
Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, Irunen (Argazkia: Bidasoako hitza)

Segurtasun Sailak jakinarazitakoaren arabera, zenbait norbanakok eman zioten abisua Ertzaintzari, gizonezko bat ia konorterik gabe zegoen emakume bati ukituak egiten zebilela ohartaraziz.

Gizonak, lekukoak zeudela ohartzean, ihesari eman zion eta gertuko atari batean ezkutatu zen. Bertan aurkitu zuten polizia agenteek. Erasotzailea identifikatu eta gertatutakoa egiaztatu ostean, Ertzaintzak atxilotu egin zuen sexu abusu delitua egotzita. Erasotutako emakumea Bidasoako ospitalera eraman zuten.

Atxilotua epailearen esku utzi ostean, guardiako epaitegiko epaileak gizona espetxeratzeko dekretu agindua eman du.