Salatutako bi kasuetan, erasoak biktimak kontsultategian bakarrik zeudenean gertatu ziren. Urtarrilaren 21ean atxilotu eta Tolosako Epaitegiko epailearen aurrean deklaratu ondoren, ustezko erasotzailea kargupean aske geratu da. Tolosaldeko Itaiak elkarretaratzea deitu du astelehen arratsalderako, 19:30ean Triangulo plazan.
Tolosaldeko osteopatia kontsulta batean lan egiten zuen gizonezko bat atxilotu dute, bi emakumek aurkeztutako sexu eraso salaketekin lotuta. Gertakariak jazo ziren unean, bi kasuetan, osteopatak ukituak egin zizkien ustezko erasotzailea eta biktima kontsultategian bakarrik zeudenean. Tolosaldeko ataria-k jaso duenez, gizonak hasieran masaje bat ematen zien bizkarreko, lepoko edo gerrialdeko eremuetan, gerora “inolako baimenik gabe eremu intimoetara iritsiz”. Azken berrien arabera, kargupean aske geratu da atxilotutako osteopata, Tolosako Epaitegiko epailearen aurrean deklaratu ondoren.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, salaketak urtarrilean aurkeztu zituzten bi emakumeek, eta biek berretsi dute beldur zirela gizonak masajeak ematean zuen jarreraz. Erasoetako bat duela urte batzuk gertatu zen; eta bestea, berriz, duela gutxi. Urtarrilaren 21ean atxilotu zuten ustezko erasotzailea, eta bi egun geroago utzi zuten epailearen esku. Atxilotu eta berehala miatu zuten bere bulegoa, ebidentzien bila. Iturri ofizialen arabera, ikerketak zabalik jarraitzen du, uste baitute pertsona gehiago izan daitezkeela kaltetuak. Hori dela eta, Oriako ertzain-etxean salaketa jartzeko gomendatu diete biktimei.
Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzera deitu du Tolosaldeko Itaiak. Astelehen arratsaldean, 19:30ean, bilduko dira Tolosako Triangulo plazan. “Kasu isolatua izatetik urrun, indarkeria matxistaren beste adibide bat besterik ez da gertatutakoa. Horrela, urgentziazkoa dugu egoera hau borrokatuko duen antolakuntzarekin bat egitea”, adierazi dute sare sozialetan.