argia.eus
INPRIMATU
Gizon bat atxilotu dute Pasaian, emazte ohiaren etxebizitzari su ematea eta gizon bati labankada leporatuta
  • Erasotzaileak asteartean larri zauritu zuen gizona, emazte ohiaren etxebizitzan sutea eragin ondoren. Epaileak espetxeratzeko agindua eman du asteazkenean, hilketa saiakera eta genero indarkeria egotzita.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 20a
Argazkia: EITB.

27 urteko gizon bat atxilotu du asteartean Ertzaintzak Pasaian, gizon bati labankada emateagatik eta emazte ohiaren etxebizitza erretzen saiatzea leporatuta. Segurtasun Sailak, hilketa saiakeraz gain, genero indarkeriako delitua ezarri diotela jakinarazi du.

Asteartean 02:00ean jazo zen gertakaria. Ikerketaren arabera, emazte ohiaren etxebizitzako giltzak lapurtu zituen, erasorako erabili zituen labanekin batera, eta etxetik atera aurretik etxeko hainbat objekturi su eman zien. Emakumeak sutea berehala itzaltzea lortu zuen.

Ordu erdi geroago, labankada bat eman zion biktimari Pasaiako kaleetan. Lekuko batek anbulantziari eta Ertzaintzari deitu zien, eta erasotzailea desarmatu eta atxilotu zuten. Biktima Donostia Ospitalera eraman zuten.

Atxilotuak hainbat deliturengatik aurrekari ugari ditu, eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du hilketa saiakera eta genero-indarkeria egotzita.