argia.eus
INPRIMATU
Gizon bat atxilotu dute Pasaian bikotekidea erailtzen saiatzea egotzita
  • Igande eguerdian atxilotu dute 35 urteko gizona Trintxerpen (Gipuzkoa), arma zuri batekin delitu-saiakera egitea leporatuta. Erasotzaileak labana batekin eraso egin dio bikotekideari, eskuetan zauri larriak ditu emakumeak eta Donostiako Ospitalean artatu dute.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 18a
Trintxerpeko Arraindegia kalea, erasoa izan zen lekua. Google Mapsetik hartutakoa.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, igandean 12:50 aldera, abisu bat jaso ostean hurbildu da Ertzaintza bikotearen etxera, bertan aurkitu dute gizonezkoa esku batekin emakumea lepotik helduta, eta beste eskuan labana handi bat zeramala.

Ertzaintza etxebizitzara sartu orduko atxilotu dute gizonezkoa, eta jarraiki polizia-etxera eraman dute dagozkion izapideak egiteko epailearen esku utzi baino lehen. Emakumea, berriz, medikuen laguntza jaso ostean, Donostiako Unibertsitate Ospitalera eraman dute eskuan zituen zauriak artatzeko.

Indarkeria matxistaren aurkako egunerako astebete falta den honetan, gutxienez bost emakume erail dituzte 2024an Euskal Herrian, horietatik hiru heuren bikotekideak hil dituzte. Iaz gutxienez 8.603 eraso izan ziren Hego Euskal Herrian, ia 24 eraso egunean.