Igandean goizeko laurak aldera jazo da indarkeria matxista erasoa, Laudioko Zubiko Kurajo kalean.
Poliziak Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez, atxilotuak bikotekide ohiari egin dio eraso. Kristalezko edalontzi batekin jo dio gizonak buruan, eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute emakume erasotua, zauriak artatzeko.
Larrialdi zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira kalera. Goizeko laurak aldera izan da indarkeria matxistaren kasua.
Laudioko Mugimendu Feministak sare sozialen bidez salatu du gertatutakoa:
Bart gauean Laudion jazotako eraso matxistaren aurrean, gure babes osoa adierazi nahi diogu erasotutako emakumeari. https://t.co/HXh0M9DGjA
— Laudioko Mugimendu Feminista (@laudiokomf) October 31, 2021
Indarkeria matxistaren 84 salaketa judizial jarri ziren iaz Aiaraldean. Ertzaintzak egindako sailkapenaren arabera, salaketa horietako 48 bikote ohiak burututako erasoenak izan ziren (%57.14), senideen artekoak 30 eta bestelakoak 6.
Aiaraldeko Mugimendu Feministak elkarretaratze eta mobilizazio ugari egin ditu azkenaldian, eskualdean jazotako erasoak salatzeko.
Otsemeak talde feministak, bere aldetik, dinamika jarri du abian ikasturte hasieran, indarkeria matxistaren kasuen salaketa modu anonimoan jasotzeko. Lekukotza ugarri jaso dituzte oso egun gutxitan, azaldu dutenez.