Eibarko lau etxebizitza eta lokal batean bizi ziren biktimak, “baldintza penagarrietan”. Eraikuntza lanetan esplotatzen zituen eta “legez kanpo” erroldatu zituen.
Gizon bat atxilotu dute Donostian, giza trafikoko eta langileen eskubideen aurkako delituak egiteagatik. Atxilotuak 49 migratzaile hartzen zituen Eibarko lau etxebizitza eta lokal batean, 250 eta 450 euroren truke. Espainiako Poliziaren arabera, baldintza “penagarrian” bizi ziren pilatuta: koltxoietan egiten zuten lo lurrean, berogailurik eta oinarrizko etxetresna elektrikorik gabe, hezetasun eta intsektuekin. Horrez gain, eraikuntza lanetan esplotatzen zituen, zortzi ordu baino gehiagoko lanaldiekin eta babes neurririk gabe, besteak beste.
Poliziak adierazi du atxilotuak iruzur egin ziela migratzaileei, ez zutelako hizkuntza eta legedia ezagutzen. Hilean 5.700 euro irabaztea lortu zuen eta, gainera, etorkinak “iruzurrez” erroldatu zituen diruaren truke. Gizona abenduaren 30ean atxilotu zuten, eta egun aske dago epaiketaren zain.