argia.eus
INPRIMATU
Gizon bat atxilotu dute Azagran, bere bikotekidea erasotzea leporatuta
  • 63 urteko gizonezkoa atxilotua izan aurretik, Lizarrako komisaldegira joan da eta bere bikotekidea hil duela uste duela aitortu du.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 22a
Azagran elkarretaratzea, erasoa arbuiatzeko. Argazkia: EITBren telebista irudietatik hartua.

54 urteko emakumea egoera oso larrian dago. Foruzaingoak adierazi duenez, gizonezkoak abisua eman ostean patruila bat emakumearen etxebizitzara hurbildu da eta bortizki jipoituta aurkitu dute. Emakumearen egoera larria dela eta, helikopteroz eraman behar izan dute Nafarroako Ospitalera. Emakumea koman sartu zen ospitalera heldu bezain laster.

Erantzunak

Azagrako herriak erantzun argia erakutsi du eraso matxistaren aurrean. Udaletxe aurrean, igande eguerdian, kontzentrazioa egin dute. 350 pertsona hurbildu dira. Diario de noticias de Navarrak informatu duenez, Azagrako alkateak moztu du kontzentrazioko isiltasuna txalo zaparrada baten bitartez. Herria shock egoeran dagoela azpimarratu du alkateak eta erasotako emakumea sendatzea espero duela herriak.

Javier Remírez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, 18 emakume hil dira Nafarroan 1998tik, indarkeria matxistaren ondorioz. 2020an 1.380 salaketa jarri ziren indarkeria matxista dela medio. Nafarroako Gobernuak “bere gaitzespen sakonena” adierazi du Azagran izan den genero-indarkeriaren ustezko kasuaren aurrean. Errioxako Gobernuak ere erabateko gaitzespena adierazi du; izan ere, jakinarazpen batean adierazi duenez, "erasotako emakumea Errioxako Osasun Zerbitzuko erizaina da eta Quel herriko kontsultategian lan egiten du, eta guardiak egiten ditu Arnedoko osasun-zentroan".