Cristina Fernández de Kirchner Argentinako presidenteordeari aurpegi aurrean jarri dio suzko arma bat 35 urteko gizonezko batek. Ostegun gaualdean jazo zen erasoa, Fernández autotik atera zenean Buenos Aireseko etxera bidean.
Argentinako presidente Alberto Fernándezek ostirala ez lanegun gisa izendatu du, Cristina Fernández de Kirchner presidenteordearen aurkako erasoa jendarteak “bakean” gaitzetsi dezan. 35 urteko gizonezko bat atxilotu dute, Fernándezi tiro egiten saiatzeagatik. Argentinako telebista publikoak hartutako irudietan ikus daiteke suzko arma bat aurrean jartzen diola, distantzia oso gutxira, baina presidenteak ziurtatu duenez, armak ez zuen funtzionatu: “Cristina bizirik dago zeren, oraindik teknikoki zehaztu gabeko arrazoi batengatik, bost bala zituen armak ez zuen tiroa bota, nahiz eta tiroa egin zuen”. Ikertzen ari dira gertaerak.
El momento en que un hombre apunta con un arma a Cristina Kirchner en la puerta de su casa pic.twitter.com/75zR41KBA3
— elDiarioAR (@elDiarioAR) September 2, 2022
Erasoa Buenos Airesen izan zen, ostegunean 21:30 aldera. Presidenteordea autotik atera zen etxera bidean, eta inguruan zeuden jarraitzaileak agurtzen ari zen, jende multzo baten tartean. Segituan atxilotu zuten gizonezkoa inguruko kale batean, eta suzko arma ere aurkitu zuten handik hurbil, Argentinako Gobernuak azaldu duenez. Gizonak aurrekariak zituen armak legez kanpo edukitzeagatik.
Alberto Fernández presidenteak erasoa gaitzetsi du, eta adierazi du herrialdera demokrazia itzuli zenetik jazo den “gertakaririk larriena” dela. Latinoamerikako zenbait agintari eta politikarik ere gaitzespen eta elkartasun mezuak zabaldu dituzte. Gabriel Boric Txileko presidenteak elkartasuna helarazi dio eta gogorarazi du bidea dela “eztabaida eta elkarrizketa, inoiz ez armak ezta indarkeria ere”. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak salatu du ekintza horrekin “argentinar herri anaiaren bakea desorekatu” nahi izan dutela.
Evo Morales Boliviako presidente ohiak “atentatu kriminala” gaitzetsi du, eta zera gehitu du: “Eskuin politikoak eta komunikabide batzuek planifikatzen eta burutzen duten gorrotoak eta difamazioak garamatzate egoera honetara”. Lula da Silva Brasilgo datozen hauteskundeetarako faboritoak ere elkartasuna helarazi dio Fernández de Kirchnerri, eta erasoa egin duena kritikatu du: “Diferentziak eta dibertsitatea errespetatzen ez dakien kriminal faxista baten biktima da (Fernández)”.