argia.eus
INPRIMATU
Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita
  • "Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.

Aiaraldea @aiaraldea Txabi Alvarado BaƱares 2025eko otsailaren 14a
Laudioko Guardia Zibilaren kuartelera eraman dute atxilotua. Guardia Zibila

Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, sare sozialetan mezu iraingarriak argitaratzea egotzita. EFE agentziak azaldu duenez, Guardia Zibileko bi agenteren heriotzaz barre egitea leporatu diote atxilotuari. Ez dute zehaztu zer sare sozialetan egin zituen adierazpenak, baina nabarmendu dute 4 milioi jarraitzaile baino gehiago zituen kontu batean egin zituela.

Institutu armatu espainiarrak zehaztu duenez, 2024ko martxoan jazotako gertakari bati lotuta dago atxiloketa. Hilabete horretan Guardia Zibileko bi agente hil ziren AP-4 errepidean, Los Palacios (Sevilla) parean, kamioi batek harrapatuta. Ezbehar horren harira, honakoa idaztea egotzi diote atxilotuari: "Polizia hila, baratzerako ongarririk onena".
Ikerketa, "dei anonimo baten bidez"

Maiatzean abiatu zuten ikerketa, iruzkin hori salatzen zuen dei anonimo bat jaso ostean Castellóko (Valentzia) Guardia Zibilaren kuartelean. Ikertzaileek sare sozialaren profilaren titularraren benetako nortasuna ikertu zuten, eta Amurrion topatu zuten.

Azaldu dutenez, Amurrioko epaitegiaren esku utzi dute kasua. Irain delitua egotzi diote atxilotuari.

 Guardia Zibila