argia.eus
INPRIMATU
Gizateriaren aurkako krimentzat epaitu ahal izango dituzte ingurumenaren aurkako delituak
  • Legez kanpoko lurjabetzeak edo baliabide naturalen ustiaketak egiten dituzten gobernu eta norbanakoak nazioarteko legeen bidez epaitu ahal izango ditu hemendik aurrera Nazioarteko Zigor Auzitegiak.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 22a
Ipar Dakotan oliobide bat eraiki nahi dute; Ipar Amerikako 200 herri indigena protestan ari dira. (Argazkia: Mikel Reparaz @reparazz)

Nazioarteko Zigor Auzitegiak (NZA) eraso eta gerrako hilketak zein genozidioak epaitu ditu orain arte. 2002an sortu zen, Yugoslavia eta Ruandako genozidioen ostean. “Krimenen eragina biktimen kalteberatasunaren, ondorioz sorturiko izuaren, komunitateei eragindako kalte sozial eta ekonomikoen eta ingurumenari eragindako kalteen bidez neurtu daiteke. Horren ildotik, ingurumenaren suntsiketa, baliabide naturalen legez kanpoko ustiatzea eta lurjabetzea aintzat hartuko ditu Auzitegiak hemendik aurrera”, azaldu du erakundeak.

Público egunkariak jaso duenez, 2015ean astero hiru pertsona hil zituzten bataz beste euren lurrak babesteagatik, ingurumenaren aurkako erasoek norbanakoengan eragiten dituzten kalteak aztertzen dituen Global Witness erakundearen arabera. Gehiengoa meatzaritza, nekazaritza industria, presa hidroelektrikoak eta baso-mozketekin loturiko hilketak izaten dira, eta %90 argitu gabe geratzen da.

Gillian Caldwell Global Witnessko buruak azaldu du “beren lurretatik kanporatu eta ingurumena suntsitzea negozioak egiteko ohiko eredua bihurtu” dela “herrialde pobreetan, baina baliabideei dagokionez aberatsetan. NZAren erabakiak inpunitatea amaitzen ari dela esan nahi du”.

Legedia zabaldu den arren NZAk norbanakoak soilik epaitu ditzake: oraindik ezin dira enpresak salatu nazioartean, giza eskubideen urraketez edo ingurumenaz ari garenean.