Carmen Muñoz gizarte laguntzaileak ama ez izatea erabaki duten emakumezkoei egiten zaien presioaz idatzi du Pikara online magazinean. Hautu librea beharko lukeena zenbaitetan inposatua dela salatu du, besteak beste. Artikuluaren zenbait pasarte euskaratu ditugu.
Seme-alabarik ez izatea erabaki duten emakumeak zergatik jartzen diren etengabe zalantzan, galdetzen diot neure buruari. Esaldi sonatu ugari jasan behar izateaz gain, “erdi-emakumetzat” hartzen gaituzte sarritan. Amatasuna benetako emakume bihurtzen gaituen formula magikoa balitz bezala.
Niri, emakume zentzun orori bezala, amatasunak hautu erabat librea behar duela iruditzen zait. Askotan ez da, ordea. (...)
Egoista izatea leporatzen zaigu eta isilarazi egiten gaituzte asaldatuta, “ez zara ama eta beraz ezin duzu iritzirik eman” bezalakoak esanez, eztabaidan parte hartu nahi dugunean. Politikaria ere ez naiz eta politikaz hitz egiten dut; sinesduna ere ez naiz, baina erlijioaz hitz egiten dut, eta ez naute horregatik aparte uzten. (...) Hitz-jario androzentriko hau amarrua besterik ez da nire aburuz. Amatasuna eta hazkuntza naturala bezalako diskurtsoek indartutako amarrua da gainera, “amatasunaren mistika” sor dezakeen jardun arriskutsua.
Nekatu naiz inguruan eta batik bat hedabideetan hainbat esamolde aditzeaz: ama izatea bizitzan gertatu zaidan gauzarik onena izan da edo amatasunaren esperientzia emakumeari gerta dakiokeen ederrena da. Errespetatzen dut baina emakume bakoitzak bere esperientziaz hitz egin beharko luke, subjektiboa objektibizatu nahi izan gabe, balore unibertsal bihurtu gabe. Horrela, balore patriarkalak areagotu besterik ez da egiten (...).
Sistema honek ugaltzeko behar gaitu, eta horretarako, familia tradizionalaren gaineko diskurtsoa lantzearekin batera, familia, sexualitatea eta autonomia ulertzeko gainerako moduak ezkutatu eta gaitzesten ditu. Horratx beraz, “onak” izateko eta ez “arraroak”, haurrak ekarri behar dira mundura, baina lesbiana bikote batek izan nahi baditu, diren oztopo guztiak eta bost jarriko zaizkie.
Hori gutxi ez, eta uste zabaldua da emakumeak haurrik ez izatea erabaki duenean, bikoterik ez izatea ere erabaki duela esatea, edota sexurik ez praktikatzea. Sozialki antzu bihurtzen gaituzte, funtsean betikoaz ari garelako: familia tradizionala erreproduzitzeaz.