argia.eus
INPRIMATU
“Gizarte zibilaren indarra” aldarrikatu dute Baionan prozesua blokeotik ateratzeko
  • Errepresioa bukatu, bake prozesua orain lelopean manifestazioa egin zuten larunbatean Baionan. Mobilizazioaren antolatzaile zen Bake Bideak eta hara bertaratu ziren guztiek torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako euro aginduekin amaitzea eskatu zuten.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko uztailaren 22a
Ehunka pertsona elkartu ziren martxan. Argazkia: Bob Edme

Ehunka pertsona elkartu ziren martxan. Errepresioarekin amaitu eta gatazkaren konponbideari lotzeko exijitu zieten estatu espainiar eta frantziarrari. Anaiz Funosas eta Christian Desprezen esanetan, “gizarte zibilaren indarrarekin bakarrik lor dezakegu estatuek beraien jarrera aldatzea”.

Eragile andana bildu zen mobilizazioan, tartean ziren Sortuko Tasio Erkizia, Xabi Larralde, Anita Lopepe eta Maite Ubiria; Anaiz Funosas eta Gabi Mouesca Bake Bideko ordezkariak; Abertzaleen Batasuneko Peio Etxeberri Aintzart; eta Baionako auzapezordea den Jean Rene Etxegarai.

Frantziari blokeo egoerarekin amaitzeko eskatu zioten. Ekainaren 15eko Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak gatazkaren konponbiderako eragile izateko konpromisoen berresteari atxiloketekin erantzun izana kritikatzeko egin zen manifestazioa. Bake Bideko kideen arabera, “Ipar Euskal Herriko gizartea bake dinamikan murgildurik dago, Frantziako Gobernuak jarraitzen du errepresio logikan”.