argia.eus
INPRIMATU
Gizarte Segurantzak Glovo eta 168 banatzaile auzitara eramango ditu astelehenean
  • 2018 eta 2020 arteko langileen kotizazioak eskatzen dizkio Glovori Gizarte Segurantzak, 2020an Rider Legea onartu aurrekoak. Auzipetuak langileak ere badiren arren, ordaina enpresari soilik eskatzen dio.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 05
Glovoko banatzaile batzuk Donostian Maialen Andres / Foku

Abenduaren 9an hasiko da Donostian epaiketa, Gipuzkoako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak Glovoren eta banaketa konpainiarentzat autonomo gisa lan egin zuten 168 banatzaileren aurka aurkezturiko salaketa dela eta. Apirilaren 24an onartu zuen Lan Arloko 4. Epaitegiak eskaera, Gizarte Segurantzari dagozkion kuotak ustez ez ordaintzea epaitzeko, riderrak soldatapeko langile zirela argudiatuta, eta ez autonomo.

Epaiketa goizeko 9:15etan izango da epaitegietako 13. aretoan, inplikatutako alde guztiak hartzeko prestatutako gunean. Banatzaileetako batzuk LAB sindikatuak ordezkatuko ditu, epaiketara pertsonalki ez baitute joan behar.

Gipuzkoako Inpugnazioen Unitateko buru den Santiago de Miguel Gimenok ordezkatzen du Diruzaintza, eta 2018ko urriaren eta 2020ko abenduaren artean iruzur egin izana leporatzen dio enpresari, justu Rider Legea onartu aurretik. El Diario Vascok elkarrizketatu duen kaltetutako banatzaile baten arabera, legea onartu ostean, Glovok lan baldintzak aldatu zituen, ordutegi finkoak kenduz eta tarifak ordu tarteen arabera egokituz.

Enpresaren ardura da “indarrean dagoen araudia bete ez izana”

Banatzaile horrek adierazi du, aldaketak aldaketa, banatzaileek autonomo gisa jarraitu zutela kuotak ordaintzen, PFEZ eta BEZ barne. Hala ere, azpimarratu du enpresaren ardura dela ”indarrean dagoen araudia bete ez izana”. Hilean 2.000 euro inguruko diru sarrera gordinak lortzeko egunean zortzi eta hamar ordu artean lan egin behar zuela dio langileak, astean sei egunetan. Zergak eta bestelako gastuak kenduta, soldata garbia 1.200 euro ingurukoa zen, eta ez zuen lan eskubiderik, langabezia kasu.

Prozesu judizialak bertan behera utzi du 2020an abiarazitako prozedura administratiboa. Diruzaintza garaile ateratzen bada, baliteke riderrek eskubideak atzeraeraginez berreskuratzea, beste lurralde batzuetan antzeko kasuetan gertatu den bezala. Kaltetuen ustez, “legezko arduradun gisa kokatu zituen sistema baten biktimak dira”, nahiz eta, "Glovok legea bete ez zuenaren froga fisikoa izan".