argia.eus
INPRIMATU
Gizarte-larrialdietarako laguntzarik ezingo da bideratu Barakaldon datozen hilabeteetan
  • Gutxienez datozen lau hilabeteetan gizarte-larrialdietarako laguntzak tramitatzeko aukera kendu dute Barakaldoko gizarte zerbitzuetan. Hala salatu du Berri Otxoak elkarteak. Barakaldon, familien %10,1 pobrezia egoera larrian dagoela gogorarazi du elkarteak.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 09a
Gizarte zerbitzuen hileta antzeztu dute, egoera salatzeko. Argazkia: Berri Otxoak

Berri Otxoak elkartearen hitzetan, azaroaren 3tik gutxienez lau hilabetez etengo dute laguntza horiek tramitatzeko aukera: “Barakaldoko herritar prekarizatu eta pobretuenak inongo arreta eta babesik gabe utziko dituzte”.

Elkarteko kideek nabarmendu dute legez kontrakoa dela, araudiak dioelako herritarrek urteko hamabi hilabeteetan dutela administrazio publikoarekin tramiteak aurrera eramateko eskubidea. Horregatik, laguntza hori jaso nahi duten herritarrei baliabideak eta alegazioak erraztuko dizkie Berri Otxoak-ek, “arreta jasotzeko eskubide hori gauzatzeko eta dagozkien eskubideak erabili ahal izateko”.

100 barakaldar, kale gorrian

Hirian familien %10,1 pobrezia egoera larrian bizi denean eta kalean lo egiten duten herritarren kopurua bikoiztu egin denean dator murrizketa. 100 pertsona etxerik gabe eta kale gorrian bizi dira, Barakaldoko Gizarte eta Hezkuntza Esku-hartze Zerbitzuaren arabera.

Egoerari tamaina hartzeko, beste datu bat ere eman dute: Bizkaiko Elikagai Bankuen parte diren Barakaldoko bi zentroetatik 2.000 familia pasatzen dira hilabetero.