argia.eus
INPRIMATU
Gizarte laguntzak jasotzen dituztenen %99k ez dute iruzurrik egiten
  • Bizkaiko Diputazioak Gizarte Zerbitzuen eta Prestazioen Ikuskapen eta Kontrolerako 2017-2019 Plan Orokorra iaz jarri zuen martxan, gizarte laguntzetan iruzurra atzemateko sistema alegia, eta Unai Rementeria ahaldun nagusiak asteartean eman ditu planaren inguruko datuak.

     

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko maiatzaren 23a
Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintza diputatua

Rementeriaren esanetan "gizarteak eskatuta" sortu zuten Plan Orokorra. Orain, planak agerian utzi du iruzurra ia ez dela existitzen gizarte laguntzen arloan. %1ekoa da soilik, "oso-oso txikia", Rementeriak berak esan duenez: "Banatzen dugun diruaren %99 modu egokian erabili da. Gainera, arazoa hau izan da: ez digute jakinarazi euren egoera aldatu dela. Ezin daiteke esan iruzur egiteko asmoa zutenik".

Gizarte zerbitzuetako prestazioetan eta diru laguntzetan, 1,4 milioi euroko iruzurra izan da guztira, eta diputazioak onuradunei kopuru hori itzultzea eskatu du. Rementeriak beste iruzur kasu batzuk aipatu ditu, Ogasunarekin lotutakoa kasu, eta aipatu du arlo horretan 477,5 milioi euroko iruzurra zenbatetsi zutela. 

Gizarte Ekintzako diputatu Isabel Sanchez Roblesek datu zehatzak eman ditu: aztertutako 23.785 prestazioen artean, herena "urritasunengatik jasotako" laguntzak dira, eta beste bi herenak, mendekotasuna dutenenak. Arlo bietan 91,3 milioi banatu dira, eta soilik 1,4 milioi erreklamatu dituzte (%2 inguru). 

Eragile eta elkarteek jasotzen dituzten laguntzen inguruko datuak ere eman ditu Sanchezek. 24,3 milioko laguntzak aztertu dira, eta orotara %0,2ko iruzurra atzeman dute.

Bestalde, Bizkaian zerbitzua eskaintzen duten 299 zentroetatik 31n bakarrik aurkitu dituzte akatsak.