argia.eus
INPRIMATU
Gizakiaren aztarna Euskal Herrian, espaziotik ikusita
  • Europako Espazio Agentziaren mapa batek erakusten du urbanizazioaren eragina lurrean, lehen aldiz hirietatik kanpo ere bai.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko azaroaren 24a

ESA Europako Espazio Agentziak mapa esanguratsu bat jarri du ikusgai interneten, webgune tematiko batean. 2012tik aurrera espazioko sateliteetatik ateratako erresoluzio altuko 180.000 argazkirekin Lurrak gizakiaren eskutik jasan duen triskantza begi-bistan: Aztarna urbano globala jarri dio izena.

Aurreko kartografia lanekin alderatuta badu berezitasun bat lan berriak: hirietatik kanpoko asentamendu eta herrixkak ere detektatzen ditu “12 metroko espazioa duen erresoluzioarekin, kasu batzuetan etxebizitza bakarrak ere bai”. Alemaniako teknologia erabiliz, orain artekoak baino 100 aldiz erresoluzio handiagoa duten radarrak erabili dituzte horretarako.

Hala, munduko edozein tokitan dauden elementu urbanoak markaturik aurkitzen dira mapan, baita Euskal Herrikoak ere. Esaterako, ikus daiteke Ipar Euskal Herriko kostaldeko hirigintza ereduarekin noraino hedatu den gizakiaren aztarna, eta Araban, Gasteizko hiri kontzentrazioaren desoreka ez dela hainbestekoa Arabako Lautadako herrixkak kontuan hartuta:

Egun, munduko biztanleen erdia hirietatik kanpo bizi da, nekazal herrixka eta guneetan. Mapa egin duen lantaldeko kide Mattia Marconcinik nabarmendu duenez erreminta hona izan daiteke “gaixotasunen transmisioa edo biodibertsitatearen gain dagoen presioa ulertzeko”.