argia.eus
INPRIMATU
Giza katea egingo dute Errenteriatik Donostiara, euskara batuari gorazarre egiteko
  • Martxoaren 24an izango da, eta 8.000 pertsonak emango diote eskua elkarri. Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatu dute ekimena. "Euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa" azpimarratu nahi dute, eta euskara batuaren sorrera bultzatu zuten hainbat pertsona omenduko dituzte. 

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 17a
8.226 metroko ibilbidea egingo dute Errenteria, Pasaia eta Donostia zeharkatuz.

Euskara batuari gorazarre egiteko giza katea egingo dute Errenteriatik Donostiara. Martxoaren 24an izango da ekimena, eta 8.000 pertsonatik gora elkartuko dira. Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.

"Euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa" azpimarratu nahi dute, eta euskara batuaren sorrera bultzatu zuten hainbat pertsona omenduko dituzte. 

Errenteriako Gamon Zumardiko Koldo Mitxelenaren eskulturatik abiatuko da giza katea, eta Donostiako udaletxe zaharraren parean amaitu. Hala, 8.226 metro osatuko ditu eskuz esku, eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako zenbait kale zeharkatuko ditu. 11:00etatik 11:30era iraungo du. Ondoren, bideko bost gunetan ekitaldi bana egingo dute.

Euskal Herriko ikastoletako ikasleek osatuko dute katea, baina edonork izango du parte hartzeko aukera. Euskaltzale guztiei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.

Hamabost pertsona omenduko dituzte: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean- Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. 

Hala ere, antolatzaileek nabarmendu dute "askoz ere pertsona gehiagori esker" dela gaur egun euskara batua errealitate: "Beraz, esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez". Azpimarratu dute historian ez dagoela euskara batuaren sorrera adierazten duen une bakar bat, "une asko" izan direla. Hala, giza katean une horiek guztiek osatzen duten continuum-a irudikatu nahi dute.

Euskara batuak herriari eman diona

Euskara batuak "herriari eman dion guztia" nabarmendu nahi dute. Antolatzaileen hitzetan, euskara baturik gabe ez lirateke gaur direnak izango euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edo euskal erakundeak. "Ikastolek euskara batuari zor diotena eta euskara batuak ikastolei zor diena" izango da egunaren oinarrietako bat. Euskara batuaren balioa transmititu nahi diete gaur egungo ikastoletako ikasleei, eta bere sorreraren historia irakatsi.

Horrez gain, Euskaltzaindiak Euskararen Batasuna. Euskarazko hiztun elkartea trinkotzeko, bizirauteko eta garatzeko giltzarria izeneko dokumentua prestatu du herritar guztientzat,euskara batuaren sorr eraren ibilbide historikoa azaltzen duena.

Eguna amaitzeko, ekitaldi instituzionala egingo dute Oreretako udaletxean arratsaldeko 17:30ean. Bertan izango dira ekimenaren antolatzaileak, Ikastolak eta Euskaltzaindiko kideak, erakundeetako ordezkari eta hautetsiak eta Euskalgintzako eragileak, eta egunean zehar omendutako pertsonak ere gogora ekarriko dituzte.