argia.eus
INPRIMATU
Giza kate erraldoia egin dute Garoña berriz irekitzearen kontra
  • Garoñaren kontrako foroak deituta, elkarretaratzea egin dute ostegunean Arabako Aldundiaren aurrean.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko otsailaren 24a
Garoñaren kontrako giza katea egin dute Gasteizen. (Argazkia: Equo)

Bizitzaren alde kateatu lemapean giza katea egin dute ostegun arratsaldean Gasteizen. Hitzordua 19:00etan izan da, Arabako Aldundiaren aurrean. Helburua Garoña ez zabaltzeko "denon benetako inplikazioa eta konpromiso eskatzea da". PPren egoitzaraino eraman dute protesta.

Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Mariano Rajoy Espainiako presidentea EAJrekin negoziatzen ari da, Garoñako zentral nuklearra ixteko, Estatuko Aurrekontu Orokorren babesaren truke. Aurrekontuen proiektua aurrera eraman ahal izateko beste alderdien laguntza behar dute popularrek.

Otsailaren 8an Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) oniritzia eman zion Garoñako zentrala berriro irekitzeko eskariari. Behin betiko erabakia Energia Ministerioak hartu behar du, sei hilabeteko epean. Edonola ere, azken hitza Mariano Rajoyrena da.

Popularrek EAJren eta kanariar nazionalisten sostengua behar dute legegintzaldia PSOEren laguntzarik gabe amaitzeko. Jeltzaleen babesa lortuz gero aurrekontuak salbatuko lituzkete, EAJrekin (bost eserleku), Ciudadanosekin (32), eta Coalición Canaria eta Nova Canariarekin (eserleku bana). Aste honetan bildu dira lehen aldiz Aitor Esteban EAJko bozeramailea eta Cristóbal Montoro Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa, aurrekontuei buruz hitz egiteko.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.