argia.eus
INPRIMATU
Ikerketa
Giza garapenerako irizpide gutxi, euskal enpresen nazioartekotzean
  • Garapeneko GKE-en koordinakundeak egindako ikerketa baten arabera, ez dago “koherentziarik” EAEko erakundeek daramaten enpresen nazioartekotze politikaren eta giza garapenerako egin diren lankidetzen artean. Nazioartekotzea lehiakortasunean eta errentagarritasunean oinarritzen da, eta albo batera uzten ditu printzipio humano  ekitatibo eta iraunkorrak.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 21a
Nazioartekotzearen Euskal Agentziak 2019an antoaltutako Intergune saioko argazki ofiziala (arg: Eusko Jaurlaritza)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 79 gobernuz kanpoko erakunde biltzen dituen GGKE koordinakundeak eta Bakea eta Duintasuna-OMAL erakundeak ikerketa argitaratu dute lurralde horietako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak daramaten enpresen nazioartekotze politikan giza garapena nola lantzen den ikusteko.

Giza garapen iraunkorraren ikuspegia noraino dagoen barneratuta jakin nahi dute, eta 2017-2019 urteko epea barematu dute horretarako: “Aztertu nahi dugu ea enpresak nazioartekotzeko politikak lagungarri diren guztion ongizatea, berdintasuna, iraunkortasuna, parte-hartzea eta giza eskubideak bideratzeko, bai Euskadin bertan eta bai euskal enpresek lan egiten duten herrialdeetan”, diote GGKE koordinakundeko kideek. Gogorarazi dute, Iñigo Urkullu lehendakariak 2016an konpromisoa hartu zuela “koherentzia” izango zuten garapen politikak bultzatzeko.

Giza garapeneko 18 irizpide identifikatu dituzte, eta nazioartekotzeko hiru arlotan landu: Ondasun eta zerbitzuen esportazioan, atzerriko inbertsio zuzenean eta atzerriko inbertsioak lurraldean bertan erakartzeko ekimenetan. Ondorio nagusietako bat da nazioartekotze politiketan lehiakortasuna eta errentagarritasuna lehenesten diren heinean, balazta jartzen zaiela garapeneko lankidetza hitzarmenen bidez “pobreziaren eta desoreken aurkako borrokan lortutako aurrerapausoei”, garapen iraunkor eta ekitatiboa alboratuz.

Nazioartekotze politika horrek “albo batera uzten du euskal enpresek diharduten herrialdeetako beharrizanak asebetetzeko helburua”, salatu dute. Lehiakortasuna, hortaz, “merkatuetan nagusitzeko ikuspegi” hutsetik ulertzen da, ez eraginkortasun sozial eta ekologikoa lortze aldera.

Nazioartekotze politika horrek “albo batera uzten du euskal enpresek diharduten herrialdeetako beharrizanak asebetetzeko helburua”, salatu dute

Giza garapen iraunkorra erreferentzia “osagarri” bat baino gehiago izan eta erdigunean jartzeko, hainbat gomendio eta proposamen zehatz helarazi dizkie GGKE-k Jaurlaritzari eta hiru foru aldundiei, hala nola, Enpresa eta Giza Eskubideen Euskal Zentro bat sortzea, lankidetza  publiko-pribaturako Basque Consortium foroan parte hartzen duten eragileen esparrua zabaltzea, eta nazioartekotze politikaren ikuspegia berriz “definitzea”, garapen iraunkorra barnebilduz.

“Funtsezkoa da maila guztietan eta, bereziki, kanpora begira, identitate komun bat proiektatzea, koherentea mundu globalizatu honetan ditugun erronka globalekin”, diote. Egindako gomendioak aintzat hartuz gero, seguru daude lurraldeok “aitzindari” izango liratekeela “justiziaren eta gizarte erantzukizunaren printzipioetan”.

Ikerketa COVID-19ak sortutako osasun larrialdiaren erdian argitaratu da, eta OMALek nabarmendu du, hain justu, nazioartekotzea izan dela hasieratik zalantzan jarri den estrategia zaurgarri eta "aldakor" nagusietako bat: Egokia al da enfasia nazioartekotzean mantentzea, pandemiaren testuinguruan ez ezik, krisi ekologikoaren testuinguruan ere?" galdegin du ikerketa aurkeztean. Ez al litzateke hobe berriz ere zirkuitu laburreko ekonomia birlokalizatura jotzea?