argia.eus
INPRIMATU
Transnazionalen erantzukizunari buruzko NBEren lan saioa hasi da
  • NBEk uztailaren 6tik 10ra egingo du lehen lan saioa giza eskubideak urratzen dituzten enpresa transnazionalei buruzko nazioarteko ituna sortzeko. Iaz Genevan (Suitza) onartutakoa gauzatzen hasteko asmoz bildu da Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko Gobernuen Arteko Lantaldea, hiri berean.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko uztailaren 07a
NBEk Genevan duen egoitzako biltzar areto nagusia. (Arg.: Yann Forget-CC By SA).

NBEren egoitzan estatuetako ordezkariak biltzen diren bitartean, Transnazionalen Boterearen eta Zigorgabetasunaren Aurkako kanpainak biltzar paraleloa antolatu du Genevako kaleetan. Haien asmoa da “transnazionalek egindako giza eskubideen urraketen eta krimenen aurrean herrien erresistentzia agerian uztea”.

Era berean, transnazionalen jarduna kontrolatuko duen itunaz negoziatzen ari direnei erakutsi nahi diete herritarren borondatea dela hitzarmena gauzatzea.

“Inoiz baino premiazkoagoa da enpresa transnazionalak kontrolatzea”, adierazi du Transnazionalen Boterearen Aurkako kanpainak Genevako biltzarren karietara kaleratutako agirian; “interes publikoa bahitzen ari dira, eta hori begien bistakoa NBEren barruan ere, transnazionalek lortu baitute hainbat negoziaziotan, klima aldaketari buruzkoak barne, infiltratzea”.

Halaber, negoziazio prozesuan dauden hainbat merkataritza eta inbertsio hitzarmen (TTIP, TISA, TTP) transnazionalen boterea sendotzeko planifikatuak izan direla salatu dute. Hain zuzen, TISAren negoziazio erronda bat egiten ari dira aste honetan bertan, Genevan ere bai. 

EB, negoziazioa oztopatzen

Kanpainako kideek gogor kritikatu dute Gobernuen Arteko Lantaldearen saioa hasi eta berehala Europar Batasuneko ordezkariek izandako jarrera. EBk eskatu du prozesu osoaren izena aldatzeko, eta negoziazioak enpresa guzti-guztien jarduerari buruzkoak izan daitezela, eta ez bakarrik transnazionalenaz.

EBren proposamena errefusatu dute hamarren bat estatuk, argudiatuz iaz onartutako erabakia argia zela eta adostu beharreko ituna transnazionalei baizik ez dagokiela. Adostasun falta horren ondorioz, negoziazio prozesua etenda egon da lan saioko lehen orduetan.