argia.eus
INPRIMATU
Giza Eskubideen Ligak salatu egin du Frantziak Euskal Herriko eta Korsikako gatazken konponbideak “blokeatzen” dituela
Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko otsailaren 24a

"Preso korsikar eta euskaldunen zortea oso sinbolikoa da, eta boterearen oposizio setatsuak kalte egiten die bakeari eta abiaturiko dinamika baikorrei. Egindako eskaerak zuzenbidean oinarritzen dira, Estatuari mesede-jarrerarik ez zaio galdetzen. Bere gain hartu beharreko hautu politikoak dira, blokeaturik dauden bi prozesu demokratikoei bultzada berria emateko gisan". Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidente Malik Salemkourren hitzak dira.

Mediapart komunikabidean plazaraturiko iritzi-artikuluan Frantziako Gobernuaren "blokeo jarrera" gogorki deitoratzen du, preso politikoen egoerari begira jarriz. Zehazki, bizi osorako zigorra duten Alain Ferrandi eta Pierre Alessandri korsikarrak aipatzen ditu, baita duela 31 urte preso sartu zituzten Jon Parot eta Jakes Esnal ere.

Otsailaren 18an Baionako suprefetura aitzinean egindako ekintza aipatzen du iritzi-testuan: "[Jon Parot eta Jakes Esnalen] egoeraren eta askatzearen mende dago Euskal Herriaren bakea. Hori oroitarazi ziguten otsailaren 18an elkarturiko 200 ekintzaileek –militante eta hautetsiak, iritzi politiko ezberdinetakoak gainera–". Ondoko desobedientzia zibiletan parte hartuko du Giza Eskubideen Ligak.

Frantziako Estatuaren "mendeku-jarrera" salatzen du Malik Salemkourrek: "Esperantza oro suntsitzen duen mendeku eta umiliatze jarreren bukaera" lortu beharra azpimarratzen du.