argia.eus
INPRIMATU
Giza Eskubideen Batzordera eraman nahi dute eskola-segregazioaren gaia
  • Eskola-segregazioa hezkuntzatik harago gizarte osoa inplikatzen duen gaia dela eta giza-eskubideak urratzen direla sinetsita, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia eskatuko du Steilas sindikatuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko urriaren 15

Berriki, eskola-segregazioari aurre egiteko 17.000 herritarren babesa lortu duen lege-proposamena iritsi da Legebiltzarrera. EAJ, PSE eta PPren kontrako botoek atzera bota dute proposamen herritarraren tramitatea eta eztabaida, baina gaiak bizi jarraitzen du. Orain, Giza Eskubideen Batzordean salatu nahi du Steilasek ghetto-ikastetxeak ahalbidetzen dituen eta maila sozioekonomikoaren arabera ikasleak segregatzen dituen hezkuntza eredua. Astearte edo asteazkenean egingo du sindikatuak eskaera ofizialki. Aferari modu integralean eta arlo guztietatik erantzun behar zaiola uste du Steilasek, eta ez dela nahikoa alderdi politikoek egoera zailagoan dauden ikastetxeei baliabide gehiago emango zaiela esatearekin.

Ikasturtea hastearekin batera, mahai gainean da hezkuntza segregazioa, eta soka luzea ekarriko du gaiak: herri-ekimen legegilea aurkeztu duen plataformak presio egiten jarraitzeko asmoa du, Ikastolen Elkarteak udazkenean aurkeztuko du bere proposamena gaiaren inguruan, eta ikusteko dago Jaurlaritzak aurrera atera nahi duen hezkuntza legean nola jorratuko duen eskola-segregazioa