argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legea giza eskubideen alde Ceutan eta Melillan lanean ari diren ekintzaileen aurka
  • Irídia, Novact eta Fotomovimiento giza eskubideen aldeko erakundeak Espainiako Estatuko hegoaldeko mugetara joan dira egoera aztertzeko. Hegoaldeko Mugan legalitatea berrezartzera bidean kanpainaren barruan, egun ugari egin dituzte Melillan, eta salatu dute Espainiako eta Marokoko segurtasun indarrek etengabe oztopatu dutela beren jarduna.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 03a
Melilla eta Maroko arteko mugako pasabideetako bat Guardia Zibilaren zaintzapean Arg: Bru Aguiló (Fotomovimiento)

Larunbatean, Melillan muga zeharkatu zutenean, Marokoko poliziak galdeketa mehatxatzaile bat egin zietela adierazi dute, eta inolako dokumentazio grafikorik egitea debekatu zieten. Bi egunetara, berriz ere muga zeharkatzerakoan, bi ordu eta erdi atxiki zituzten polizia-etxean. Ordutik aurrera, Marokoko poliziaren kotxe bat, motor bat eta gutxienez lau agentek jarraitu zituzten egunean zehar. Bide erdian, atxilotzeko mehatxupean, bildutako materiala ezabatuarazi zieten.

Itzuleran, berriz, Guardia Zibilak erakundeetako lau kideri isunak jarri zizkieten "autoritatea desobeditzeagatik". Mozal Legea aplikatuta, 600 eta 30.000 euro arteko isuna ekar dezake horrek.

Andres Garcia Berrio taldeko abokatuaren arabera, Guardia Zibilak beren jarduera zigortu du hain zuzen haiek egindako bidegabekeriak dokumentatu eta salatu dituztelako. Abokatuak Directa hedabideari azaldu dionez, Hegoaldeko Mugaren egoera “guztiz salbuespenezkoa” da. Bertan jasotako testigantzak “oso gogorrak” direla dio, eta giza eskubideen “urraketa larriak” jasaten dituztela han daudenek.