argia.eus
INPRIMATU
Giza eskubide gehiago eta eskuin-mutur gutxiago
Haizea Bernas Loinaz 2024ko urriaren 17a

Bizi garen mundu frenetiko zein zorabiagarri honetan, pixkanaka gertatzen diren gizarte-aldaketak batzuetan antzemanezinak, garrantzirik gabekoak edo hutsalak direla iruditzen zaigu. Hala ere, ez da horrela, eta jakitun izan behar dugu tentuz jokatzeko. Horren adibide, azken urteotan eskuin-muturra apurka munduan zehar hedatzen ari dela. Joera hori Espainiako Estatuan agerikoa da, baita Europan ere, non ekainaren 9ko azken Europako hauteskundeen arabera, lau diputatutik bat jadanik eskuin-muturrekoa den. Gainera, urruneko beste herrialde batzuetan, esate baterako, Argentinan, Brasilen eta Amerikako Estatu Batuetan ideologia-korronte horren liderrak ere nabarmendu dira. Mapa bat hartu besterik ez dugu hedapen horretaz ohartzeko.

Eskuin-muturreko taldeek ezaugarri komunak dituzte: populismoa, antifeminismoa, nazionalismoa, xenofobia, kontserbadurismoa, autoritarismoa eta pluralismoaren gaitzespenaren nahasketa. Koktel arriskutsu horrek defendatzen dituen politikek hamarkada askoan giza eskubideetan, justizian eta elkartasunean lortutako gizarte- eta ingurumen-aurrerapenak urratzen dituzte. Hortaz, haien politika errepresiboek eta etnia zein erlijio taldeen kontrako gorroto-diskurtsoek, baita sexu eta genero aniztasunaren aurkakoek ere, besteak beste, intolerantzia- eta indarkeria-giroa sustatzen dute, eta giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzte. Gainera, eskuin-muturraren argudioak gezurretan eta faltsukerietan oinarritzen dira, eta tentsioak sortzen dituzte gizartean, baita herritarrak polarizatu ere.

Urriaren 17an den Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, gogoratu nahi dugu eskuin-muturreko alderdiek sustatutako politikek austeritatea, pribatizazioak eta gizarte-zerbitzuen murrizketak bultzatzen dituztela, eta horiek guztiak kaltegarriak direla gizarte-sektore ahulenentzat, eta aberatsen eta pobreen arteko arrakala handitzen dutela. Halaber, etnia- eta arraza-aniztasuna arbuiatzen dute, eta migratzaile edo errefuxiatuekiko mesfidantzan oinarritzen dira, horiei gizatasuna kentzen diete, eta gizarteko gaitz guztien errua egozten diete. Halaber, konponbide errazak proposatzen dituzte arazo konplexuetarako, sakondu gabe eta benetako kausak aintzat hartu gabe.

Premiazkoa da gizartean barneratzen ari diren diskurtso estigmatizatzaile eta diskriminatzaileen arriskuaz eta eraginaz jabetzea. Bere burua eskuin-muturrekotzat ez duten pertsonak ere diskurtso horiek bere egitera iristen dira

Azken finean, eskuin-muturraren gorakada mehatxu argia da ekitaterako, justiziarako eta giza eskubideetarako munduan, eta askatasuna, demokrazia eta gizarte-kohesioa arriskuan jartzen ditu. Hori dela eta, Donostiako Zero Pobrezia plataformatik, bazterkeriaren, pobreziaren eta desberdinkerien aurka lan egiten duten hiriko hamalau gizarte-erakundez eta gizarte-mugimenduz osatuta, desinformazioari eta buloei aurre egiteko tresnak herritarrei ematea beharrezkoa dela aldarrikatzen dugu, horiek zabaltzen lagundu ez dezaten. Haurtzarotik trebetasunak garatzen eta tresnak eskuratzen lagundu behar da, pertsonek ongizate kolektiboaren, giza eskubideen eta justizia sozialaren aldeko kontzientzia kritikoa izan dezaten. Gainera, beldurrari informazioarekin aurre egitea proposatzen dugu, beraz, premiazkoa da eskuin-muturraren gorakadaren eta gizartean barneratzen ari diren diskurtso estigmatizatzaile eta diskriminatzaileen arriskuaz eta eraginaz jabetzea. Izan ere, bere burua eskuin-muturrekotzat ez duten pertsonak ere diskurtso horiek bere egitera iristen dira. Halaber, mobilizatu behar gara pertsona guztien giza eskubideen alde, eta erakundeei exijitu eskubide horiek bermatzeko beharrezko neurriak har ditzatela. Ezin gara eskuin-muturra legitimotzat hartzearen akatsean erori; osasun-hesiak ezarri behar ditugu hura isolatzeko eta geldiarazteko.

Jakitun gara kausa ugarik sustatu dutela eskuin-muturraren gorakada, eta konponbidea globala izan behar dela, baita sektore askotan landu behar dela ere. Hori dela eta, gure munduak dituen erronka eta mehatxuen aurrean, ezin gara geldi egon. Horregatik, herritarrak Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu ditugun ekimenetan parte hartzera eta mobilizatzera gonbidatzen ditugu. Zehazki, ostiral honetan (hilak 18) Donostiako Antiguako frontoian antolatu dugun Eskubiderik ez eskuin muturrean izenburudun doako aldarrikapen bertso-saioan, Maialen Lujanbio eta Unai Agirreren parte-hartzearekin, eta Imanol Artola Felix gai-jartzaile lanetan.

Haizea Bernas Loinaz, Donostiako Zero Pobrezia Plataforma