argia.eus
INPRIMATU
Giza enbrioi goiztiarraren antza duen egitura sortu dute bi ikerketa taldek
  • Biziaren sorrera garaian sor daitezkeen arazo ezberdinak ikertzeko balioko du giza zeluletatik sortu duten enbrioi goiztiarraren antzeko egiturak.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 18a
Argazkia: Jay Roberts/Flickr

Ernalketatik bost egunetara sortzen den giza umeki goiztiarraren antza duen egitura da eta giza zeluletatik abiatuta sortu dute bi ikerketa taldek. Enbrioien hastapenetako faseak ikertzeko lagungarriak izango dira egitura hauek, baita biziaren sorreran ager daitezkeen arazoak edota antzutasuna lantzeko terapia berrien ikerketarako ere.

Nature zientzia aldizkarian argitaratu ziren martxoaren 17an bi ikerketa talderen lan hauek. Ikerketa bateko ikerlari nagusia Jose Polo izan da, Australiako Monash unibertsitateko lantaldearen babesarekin. Bestearena aldiz, Jun Wu izan da, AEBetako Southwestern unibertsitateko taldekidea.

Berria egunkariak atera duenez, duela gutxi ikerlariek arratoien zeluletatik abiatuta ere sortu dituzte animalia horien enbrioien antzeko egiturak. Blastozisto fasean –ernalketarik bost egunera gertatzen den fasean– dauden arratoi enbrioien antzeko egitura garatzen lortu dute. Lorpen honi esker, animalien enbrioien hastapenetako fasearen inguruko informazioa biltzeko balio izan die.

Poloren ikerketa taldeak giza zeluletatik sortutako blastoideak garatu ditu, mota honetako ikerketetan enbrioi naturalak erabiltzea saihesteko asmoz. Ikerketa taldeak argi utzi du blastozisto hauek ez direla giza blastozitoen parekoak.

Jun Wuren taldeak aldiz, zelula ametatik abiatuta garatu ditu blastozistoen antza duten egiturak, eta zehazki, morfologian, tamainan eta zelula kopuruetan du giza enbrioien antza, nahiz eta argiki ez izan giza blastozistoen parekoa.