Ziurgabetasun eta noraezak baldintzatutako aro garaikidea da gurea, non elkarbizitza harreman beroak eta aurrez aurrekoak higatuz doazen eta gizakia bera ulertzeko modu bat iraungitzen hasita dagoen. Hara nola, zaintzaren kapitalismoaren (Shoshana Zuboff) morrontza logikak norbanakoen bizitza osoa zipriztindu eta bereganatzen diharduen. Zuboffek dioenez, zaintzaren kapitalisten jomuga berria ez da jada izadia mendean hartzea, giza izaera bere osoan mendean hartzea baizik. Hara zelan bizi dugun sistemaren digitalizazio abiadura hedakorrak berebiziko eragina izaten ari den, eta gizatasuna bera, hilzorira daroan zauri zornatuaren gisan, alferrekoa, bazterrekoa eta arazotsua egiten zaion zaintzaren sistema digitalari.
Aldi berean, baina, ikusten ari garenez, sortu dugun aurrerabideak ahuldu egin ditu giza biziera beraren biziraupen baldintzak, ekosistemaren jasangarritasuna kolapsora eramanda, eta orain, lehen baino ageriago ikusten dugu ez gaudela hain ziur edozelan egindako aurrerabideaz, are gutxiago, etortzear dugun etorkizunaz.
Teknologiak dakarren aurrerabidea ez da jadanik arazo guztien konponbide gisa ikusten, arrisku-iturritzat ere jotzen dugu, eta, aldi berean, zein helburutarako balio beharko ote duen zehazteko, jasangarritasunaren kontzientzia handitu egin dugu. Giza bizitzaren gaineko honako ideia ez da alferrekoa: aurrerabidearen eta ongizatearen izenean sortutako hondamendiek nahiko ez genituzkeen ondorioen menpe jartzen gaituzte, morrontza berriak sortuz; hori bederen ondo barneratu eta ikasi dugu igaro dugun mundu mailako shock (Naomi Klein) luzean. Hau da, patroi zibilizatorioaren krisia aspalditik zetorren arren sakoneko arrakala haragiturik bizi ahal izan dugu, bai norbanako gisa zein talde gisa.
Egungo zibilizazio patroiaren krisiak, giza desjabetza erdiguneko kezka-gaia dela erakutsi digu. Baina egin litezkeen aurreikuspenak ez dira hain onak. Gizatasun ondorengo aroan sarturik ote gara dagoeneko? Giza ostearen ataria al da bizitzen hasita gaudena?
Egungo teknikaren potentzial apokaliptikoari, giza portaera bideratzeko duen gaitasuna ez ezik, giza espeziearen iraupena arriskuan jartzeko duen gaitasuna gaineratu behar zaio, bi ahalmen erraldoi horiek, ikusten ari garenaren lez, gizateriaren jokabidea elite baten mesedetan bideratzeko botere-lehia erakusten dute. Hala ere, elite baten mesedetan elikatzen den etorkizun teknologiko digitala goratzen dihardugu, nahiz horretarako lurraren gaineko bizi-baldintzak suntsitzera zuzen goazen.
Zaintzaren kapitalisten diru gosea ase ezina da: gizateria bere osotasunean mendean nahi lukete; baina guztiaren gainetik, Zuboffek hala dio, giza esperientzia (giza identitatea) bereganatzea zatekeen altxor berria, gainerako guztion desjabetza derrigortuaren bidez, norbanakoa sistemaren morroi zelatatua bihur ahal izateko.
Giza desjabetza hori da jada gertatzen ari dena, izan ere, giza ostearen arrakala ikusten hasita gaude honezkero. Giza izaera desjabetuz, mundu teknologiko eta biologikoarekiko sinbiosian, gorpu-objektu-merkantzia bihurtzeko bidean goaz.