argia.eus
INPRIMATU
Giza aztarna berriak aurkitu dituzte Zaldibarren
  • Astelehenean hezur gehiago aurkitu dute Eizagako zabortegian. Gorpu beraren aztarnak direla da hipotesi nagusia. ADN proben emaitzak aste amaiera aldera izatea espero du Ertzaintzak.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 18a

Bilaketa lanetan ari diren langileek hezurren arrasto gehiago aurkitu dituzte astelehenean Zaldibarko zabortegian, igandean berna hezur bat aurkitu zuten ingurune berean. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu ditu aurkikuntzak. Ertzaintzaren unitate zientifikoko polizien hipotesi nagusia da aztarna guztiak gorpu berarenak direla, baina ez dute beste inongo aukerarik baztertzen. Astelehenean zein igandean aurkitutako hezurren DNA aztertuko da hurrengo egunetan, eta emaitzen arabera jakingo da aztarnak Alberto Sololuze edo Joaquin Beltranenak diren. Unitate zientifikoko buru Juan Vicente Bilbaok azaldu du gutxi gora behera bost egunetako epean ezagutuko direla emaitzak. Bien bitartean, bilaketa lanek aurrera jarraitzen dute, igandetik aurrera makineria astunik gabe.

Urkullu eta senideak

Iñigo Urkullu lehendakaria Sololuzeren senideekin bildu da astelehenean. Beltranen senideek ere jaso zuten biltzeko gonbidapena, baina ez joatea erabaki zuten. Euskadi Irratian adierazi dute informazioa nahi dutela, eta ez argazki bat.