argia.eus
INPRIMATU
Giuseppe Conteren adierazpen batzuek agerian utzi dute Europa barruan dagoen zerga ihesa
  • Ostegunean bilduko dira bideokonferentziaz EBko herrialdeetako gobernuburuak koronabirusaren krisiari aurre egiteko diru funtsak berretsi eta funts horien tamaina eta mekanismoa adosteko. Testuinguru horretan, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak eurobonoen aldeko jarrera irmoa agertu du berriz eta Herbehereei egotzi die zerga ihesaren bidez aberastea beste herrialdeen kontura.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 20a
Holandako eta Italiako gobernuburuak koronabirusaren krisia lehertu aurretik egindako bilera batean.

Gero eta nabarmenagoa da Italia aldentzen ari dela Europar Batasunetik, azken honek koronabirusaren gaiarekin izandako erantzun epela dela-eta. EBko hainbat herrialde ez daude prest krisiaren faktura denek batera ordaintzeko, eurobonoen eta mutualizazioaren bidez –onartu arren gaixotasunaren hedapenak ez duela zerikusirik izan herrialde batek edo besteak egindako politika ekonomikoekin–. Herbehereetako Gobernua azaldu da tematsuen horretan.

Ostegunean bilduko dira lider guztiak pantaila aurrean, eta 540.000 milioi euroko funtsari okeia emango diote dena ondo bidean, baina erabakitzeke dago oraindik horiek banatzeko mekanismoa zein izango den. Testuinguru horretan, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak adierazpen larriak egin ditu Herbehereen kontra, Alemaniako prentsan egindako elkarrizketa batean, Europako enpresen artean dagoen zerga ihesaren tamaina agerian uzten dutena.

"Begira Holandaren adibideari –esan du lehen ministro italiarrak– bere dumping fiskalak milaka multinazional erakartzen baititu, beren egoitzak hara eramaten dituzte, eta Europar Batasuneko beste kide batzuei lapurtutako diru-sarrera fiskalen fluxua lortzen dute: 9.000 milioi euro urtero, Tax Justice Networkek egindako azterketa baten arabera".