Gipuzkoako langileen soldata eta laguntzen inguruko txostena osatu du Diputazioak. Azken hamar urteetan ezberdintasun sozialek gora egin dute: aberatsenek gehiago irabazten dute eta txiroenek gutxiago. 2008an irabazi handienak zituzten %10en soldatak 38,9 aldiz handiagoak ziren %10 txiroenek jasotzen zituztenak baino. 2016an aldiz, aldea 63,3koa izan da.
Txostenaren arabera, industrian 64.169 langile daude egun; 2005etik 21.642 lanpostu suntsitu dira hain zuzen. Zerbitzuek eta bereziki zerbitzu sozialek pisua irabazi dute, 71.092 langilerekin. Bigarren sektorerik handiena komertzioa, garraioak eta konponketak dira, 60.790 langilerekin.
Soldatei dagokienez, 2016 gipuzkoarrek 24.485 euro irabazi zituzten batez beste, sektoreka alde handia dagoen arren. Bankuetako langileek, adibidez, 44.378 irabazi zuten eta komunikazio eremukoek 33.176. Hirugarrenik, industriako langileek 30.164 euro jaso zituzten; azken urteetan lan hitzarmena ez berritzearen ondorioz izoztuak dituzte soldatak. Sektorerik prekarizatuena aisia eta zerbitzu pertsonalena da, turismoari lotuena dagoena, 13.356 euroko batez bestekoarekin.
Pentsioen batez bestekoa 17.312koa izan zen, eta langabezia laguntzak jaso zituztenena urtean 4.768 eurokoa.
2005 eta 2016 artean gipuzkoar langileen eros ahalmena bederatzi puntu jaitsi da. Hamabi urte hauetan prezioak %25,9 igo dira, baina soldatak %17,1 bakarrik.
Langile migranteei dagokienez, azken hamabi urteetan Gipuzkoara lanera etorri den kolektiboa %87 handitu da. Sektore kaltetuena da hau, Gipuzkoan jaiotako langile baten erdia kobratzen baitu.