Gipuzkoan erroldatuta dauden eta ViaT telepeajea duten pertsonek AP-1 eta AP-8 erabiltzeagatik gehienez 25,64 euro ordainduko dute. Arau foral berria Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartua izan da (alderdi guztiek alde bozkatu dute) eta abenduaren 1ean jarriko da martxan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegituren eta Mugikortasunaren ahaldunak, Larraitz Ugartek, “oso gustura” dagoela adierazi du, aurrera atera den legeak ViaT duen gipuzkoar orori “onurak ekarriko dizkiolako”. Orain arte gipuzkoarrek “diru asko utzi dute” errepidean eta neurri berri honekin 15.000 gidari baino gehiagori lagunduko zaio.
Bidegik 1,2 eta 1,8 milioi euro gutxiago jasoko du, Foru Aldundiak adierazi duenez "ez dio ia eraginik sortuko" diru kopuru honek.
Bilduko batzarkide den Iban Asenjok pozik hartu du “ikuspegi berri hau”, “Gipuzkoako pertsonei karga ekonomiko handi bat kentzea” ekarriko duelako.
Aintzane Oiarbide EAJko batzarkideari ere ondo iruditu zaio arau berria, baina Gipuzkoa zeharkatzeko N-1 erabiltzen duten kamioiei ordainsaria kobratuta, gipuzkoarrek gutxiago ordaindu beharko luketela esan du. Bilduk hauteskundeetan alde polita soilik erakutsi duela eta ez dutela errepideen finantziaziorako duten plan integrala azaldu esan du.
PSEko Mikel Anduezak Diputazioak eta Bidegik azterketa sakona egina izango dutela espero du eta Gobernu Foralari eskua luzatu dio garraio “publiko eta eraginkor” baten alde lan egiteko.
Aralarreko Rebeka Uberak arau berri honekin “bidesarien sistema diskriminatzaile eta zigortzaileari” amaiera emango zaiola adierazi du. PPko Iñigo Manriquek gipuzkoarrentzat “ona dela” esan du.