69 urte ditu koronabirusagatik Gipuzkoan hil den lehenbiziko pertsonak. Astelehenean zendu da Onkologikoan, hara eraman zutelako aurretik sufritzen zuen gaixotasun larriagatik. Euskal Herrian Covid-19ak hil duen seigarren pertsona da.
Donostian hil den emakumea da orain arteko biktima euskaldunetan gazteena, aurrekoak 92, 90, 88,87 eta 82 urte zituzten. Denek ere gaixotasun larri edo kronikoak zeuzkaten koronabirusak kutsatu aurretik.
Denetara Covid-19ak Euskal Herrian kutsatuen kopuruak hauek dira astelehen arratsaldea artean, hiru administrazio eremuen arabera: 1) Iparraldeko datu zehatzik ez dago; 2) EAEn denetara 148 kutsatu kontabilizatzen dira (horietatik 46 igandetik astelehenera bitartean), 122 Araban, 21 Bizkaian eta 5 Gipuzkoan; 3) Nafarroan 17 dira kutsatuak (horietatik 7 berri igandetik astelehenera bitartean).
Mundu osoan astelehen arratsaldera arte kutsatuak denetara 111.362 ziren, horietatik hilak 3.892, Covid-19ari jarraipenik zorrotzena egiten dion Johns Hopkins institutuaren arabera. Txinan 3.008 pertsona hil badira, heriotzak 366 izan dira Italian, 237 Iranen, 53 Hego Korean, 25 Espainiako estatuan eta 19 Frantziako estatuan.