argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako zahar etxeetako auzia bideratzeko bilera batera deitu dute hilaren 10erako
  • ELAk jakinarazi du; esan du LHK Lan Harremanen Kontseiluaren Donostiako egoitzan egingo dela eta asmoa dela gatazkan zeresana duten alde guztiak elkartzea.

Berria.eus Arantxa Iraola @@ArantxaIraolaAl 2019ko abenduaren 06a

Gipuzkoako Foru Aldundia, herrialdean zaharren egoitzak kudeatzen dituzten enpresak, eta sindikatuak. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, hiru eragile horietako ordezkariak deituta daude hilaren 10ean LHK Lan Harremanen Kontseiluaren Donostiako egoitzan egingo den bileran parte hartzera. Helburua da igaro hilabeteetan sektoreko lan jarduna guztiz baldintzatu duen lan gatazka bideratzea.

«142 greba egun egin ditugu zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileek. Betiere, lan baldintzak duintzeko eta zerbitzuaren kalitate eskasa hobetzeko asmoarekin», gogora ekarri dute ELAko ordezkariek. LAB sindikatuak ere protesta ugari egin ditu, bere aldetik. Azaroaren 8an akordio bat hitzartu zuten enpresek UGT sindikatuarekin langileen soldatak hobetzeko, baina gainerako sindikatuek gatazka hori baino zabalagoa zela gogorarazi zuten, eta borrokan jarraitu behar dela herrialderako lan hitzarmen egoki bat lortu arte. Ez dituzte mobilizazioak eten.

Sindikatuak berak bideratu ditu «izapideak» LHKn  bilera egin ahal izateko. «Eta Gipuzkoako LHK-ko arduraduna ere bertan izango da», iragarri dute. Aurretik ere antzeko ahaleginak egin dira; ekainean, esaterako, ELAren eskariz Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren Gipuzkoako ordezkaritzak bilera baterako deia egin zuen, baina Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaririk ez zen agertu bilera horretara.

Langileen ordezkariak etengabe aritu dira Gipuzkoako Foru Aldundiari erantzukizun eske. Itunpekoak dira zentroetan eskaintzen diren lekurik gehienak, eta erakundearen erantzukizuna ezinbestekoa dela diote. Horixe aldarrikatzen hasi dira berriki zahar etxeetako egoiliarren senitartekoak ere, eta elkarretaratzeak egiten ari dira astero diputazioaren aurrean, konponbide eske. Lan gatazkak zerbitzua okertu egin duela diote, eta lehenbailehen konpondu behar dela. Harago ere, gatazka bideratuta ere, zerbitzua hobetze aldera neurri sakonagoak ere hartu behar direla uste dute, gabeziak ikusten baitituzte beren etxekoek jasotzen duten artan.

ELAko ordezkariek jakinarazi dute senitarteko horiekin bilera egin zutela atzo eta bat etorri zirela aldundiaren jarreraren gaineko kritikan: «Sinesgabetasuna eta harridura partekatu ditugu». ELAk senitartekoei proposatu die azaltzeko hilaren 10ean egingo duten bileraren amaierara. «Garrantzitsua da zuzenean jakitea bere senideek pairatzen duten gatazkaren bilakaera». Sindikatuaren arabera, agertuko direla esan diete.