argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek 250. greba eguna dute
  • Gipuzkoako egoitzetako langileek hiru urte daramatzate greba egunak egiten. Ekainaren 14koa 250garrena izango da. Langileen lan baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetuko lituzkeen hitzarmen kolektiboa lortzea dute helburu.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 14a
Ekainaren 14a, 250. greba eguna. Donostian manifestazioa egiten ari dira. Argazkia: ELA.

Aintzane Orbegozo Gipuzkoako erresidentzietako ELAko ordezkariak naiz.eus-en argitaratutako iritzi artikuluan adierazi duenez, “langileen hitzarmenari buruz hitz egiteko eseri nahi dugu Diputazioarekin, baina muzin egiten dio eskaerari Markel Olanok. ELAk konponbiderako proposamena izanagatik ere, ez du entzun nahi”. ELA sindikatuak ekainaren 14an hainbat ekintza antolatu ditu Donostian. Kontzentrazioak eta manifestazioak egingo dituzte eta 10:30ean Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak hitzaldia emango du Bulevarreko kioskoan.

Pandemiak lan baldintzak okertu ditu

Hiru urte iraun dituen gatazka 2020ko martxoaren 13an moztu zuten langileek beraiek, 243 greba egun eginak zituztenean eta pandemiak mundua geldiarazi zuenean. 2020ko urriaren 6an greba egunak berrartu zituzten. Berriz grebei heldu zietenean adierazi zuten: “Orduan [pandemia aurreko garaian] erdi esklabotzako lan-baldintzez hitz egiten bagenuen, gaur egun sektoreko langileok pairatzen duguna ankerra da”.

Zahar egoitzak gogor kolpatu zituen pandemiak, egoiliar asko hil ziren eta hainbat langile kutsatu zen. Bizipen horrek “fisikoki, psikologikoki eta emozionalki lehertuta” utzi zituela adierazi zuten langileek eta kritikatu zuten “albo batera utzi” zituztela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta egoitzen atzean dauden enpresek. Enpresen eta Foru Aldundiaren mespretxua eta kudeaketa negargarria salatu zituzten.

Araban hamalau greba egun daramatzate

Ekainaren 11n egin zuten hamalaugarren greba eguna eta sektoreko langileak Eusko Legebiltzarraren aurrean bildu ziren protestan. Arabako hitzarmena izatea eskatzen dute Espainiar Estatukoak gutxieneko lan baldintzak ez dituela bermatzen baitiote. ELA, UGT, CCOO eta LABek deituta egin zen greba eguna. Langileek bi urte baino gehiago daramate herrialde mailako hitzarmena eskatzen.