argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako zahar egoitzetako grebak erabateko jarraipena
  • Abenduaren 24tik 31ra deitu ditu grebara ELA sindikatuak erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileak eta jarraipena “erabatekoa” izaten ari dela ziurtatu du, gutxieneko zerbitzuak “gehiegizkoak” izan arren.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko abenduaren 26a
Abenduaren 24an erresidentzietako langileek Donostiako Diputazioaren Jauregi atariraino ekarri zieten ikatza agintari foralei. (arg: ELA)

Patronalaren jarrera ikusita abiatu dute zahar egoitzetako langileek Eguberri betean euren borroka, eta zazpi eguneko greba egingo dute; aurretik beste bederatzi zituzten eginak. ELAren esanetan, patronalak bere postura aldatu beharrean “izozketak” proposatu ditu eta horrek bultzatu ditu berriz ere grebara. Bi urte daramatzate ez atzera ez aurrera negoziazioekin, eta hiru hilabete dira grebara lehen aldiz atera zirenetik.

Sektorean 5.000 lagunek egiten dute lan –gehienak emakumeak–, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak medio, bostetik batek soilik egin dezake greba. Hala ere, jarraipen zabala izaten ari da: “Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera hipokresia hutsa da; publikoki soldata arrakala bertan behera uztearen aldeko apustua egiten du, baina praktikan kontrako norabidean sakontzen du”, azaldu du sindikatuak. Gogorarazi du ia ehuneko ehunean foru erakundeak finantzaturik daudela erresidentziok, baina Aldundiak ez duela duen erantzukizuna "bere gain" hartu nahi.

Abenduaren 24an Donostiako Diputazioaren Jauregi atariraino ekarri zieten ikatza agintari foralei:

Erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek, besteak beste eskatzen dituzte soldatan igoerak, ratioak handitzea eta ondorioz zerbitzuan hobekuntzak, 20 minutuko atsedenaldi ordainduak, gaixo egoteagatik penalizaziorik ez jasotzea, eta lanaldien normalizazioa, besteak beste.