Tomas Aguado El Culebreteko presidenteak adierazi duenez, tratamendu zentroak ez du zaborra jasotzeko baimenik emango hondakin organikoak non lurperatuko diren ezagutu arte.
Urtarrilaren 25ean eman diote ingurumen baimena Nafarroako Erriberako Hondakinen Mankomunitateari. Erabakia ez da Aldizkari Ofizialean argitaratu, baina Erriberako Hondakinen Mankomunitateari eta Tuterako Udalari bidali diete dagoeneko. Sinatutakoaren arabera, urtean 70.000 tona zabor eraman ahal izango ditu Gipuzkoak Tuterako El Culebrete tratamendu zentrora, beti ere bertako batzorde iraunkorrak onartzen badu.
Izan ere, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak eta Nafarroako Erriberako Hondakinen Mankomunitateak zabor kopuru hori eramango dutela sinatu duten arren, El Culebretek ez du ezer erabaki oraindik. Aguadok esan duenez, hondakin organikoak non lurperatuko diren ezagutu arte, ez dute batzorde iraunkorrean bozketarik egingo.
Compañía de las 3 Erres Elkartearen arabera, teknikoki ez da bideragarria El Culebreteko digestorearentzat hainbeste tona tratatzea, eta dagoeneko zentroan badira irregulartasunak horregatik. Hori dela eta, Erriberako Mankomunitateak alegazio bat aurkeztu zuen abenduan. Zehazki, eskatu zuen argi adierazteko Gipuzkoako zaborrarekin egingo dena tratamenduaren aurretikoa izango dela, eta ez tratamendua bera. Horrek esan nahi du Gipuzkoako errefusaren zaborrontzietatik heltzen diren hondakinak hartu eta jendeak modu desegokian bota dituen plastiko eta kartoia bereiziko dutela. Organikoa, aldiz, ez da Tuteran geldituko.